Venezuelan pasa den urtarrilaren 23tik aurrera eman diren gertakizunen aurrean honakoa adierazi nahi dio Euskal Herriari.
Pasa den urtarrilaren 23tik aurrera Venezuelan herriak legitimoki eta demokratikoki bozkaturiko Nicolas Maduro eta chavismoa boteretik kentzeko estatu kolpe bat martxan dago. Estatu kolpe hau Estatu Batuak eta Europar Batasunak zuzenduriko estrategia inperialistaren baitan kokatzen dugu, eta Batzar Nazional Konstituziogilearen eta handik eratorritako hauteskunde prozesuaren zilegitasun demokratikoa onartzen ditugunez Venezuelako herriaren borondatearen gainetik herria desegonkortzeko estrategia hau arbuiatzen dugu. Gauzak horrela LAB sindikatutik honakoa adierazi nahi diogu euskal gizarteari;
1) LAB sindikatuak Batzar Nazional Konstituziogilearen eta hark deituriko hauteskunde demokratikoen bitartez hautatua izan zen Nicolas Maduroren zilegitasun demokratikoa aldarrikatzen dugu. Gauzak horrela bere burua Venezuelako lehendakari izendatu duen Juan Guaidó Euskal Herriko nahiz nazioarteko alderdi politiko, gobernu eta parlamentuk errekonozitu izana gaitzesten dugu Venezuelako herriaren bizitza politikoan injerentzia garbi bat delako, eta injerentzia horrek Venezuelako herria desegonkortzea duelako helburu. Chavismoaren kontrako manifestazioan EAJk, Alderdi Popularrak eta Ciudadanosek espazio berdina konpartitu izana esanguratsua da oso.
2) Estrategia guzti honen atzean, urte luzez inperialismoak prestaturiko estrategia garbi bat ikusten dugu. Estatu Batuek eta haren politiken jarraitzaile sutsu den Europar Batasunak momentu egokia itxaron dute Juan Guaidoren aitortzaren bitartez chavismoaren kontrako estatu kolpe bat emateko eta kapitalaren zerbitzura egongo den gobernu bat ezartzen saiatzeko.
3) LAB Sindikatutik chavismoak 20 urte hauetan Venezuelako herrian emandako eraldaketa aldarrikatu nahi dugu. Chavismoaren eskutik urte hauetan Venezuelako herri sektoreek bizituriko ahalduntzea goraipatu beharrekoa da, arazoak arazo, inperioaren atzeko patioa izatetik herri burujabe bat izatera pasa delarik.
4) LAB sindikatutik Uruguay eta Mexikok abian jarritako elkarrizketa bidea babesten dugu. Aurretik esandako guztia berretsiz, Venezuelak bizi duen egoera gainditzeko elkarrizketa eta negoziazioa beharrezkoak direla uste dugu, beti ere Venezuelaren burujabetza eta herriak harturiko erabakien gainean ematen bada. Gauzak horrela ostegun honetan, otsailaren 7an, Montevideon egingo den konferentziari zorterik hoberena desio diogu, Venezuelan herriaren borondatearen defentsan eta Venezuelako herriaren burujabetzan oinarrituko den fase bat ireki dadin.