2024-11-22
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaEmakumeok lan munduan pairatzen ditugun eraso guztiak erantzungo ditugu

Emakumeok lan munduan pairatzen ditugun eraso guztiak erantzungo ditugu

Agerraldi bat egin dugu Gasteizen, azken hilabeteetan Araban izan diren hiru egoera zehatz salatzeko. Hain zuzen ere, Palacio Elorriaga Hotelean, langile bat kaleratu dute haurdun egoteagatik; Arabako Foru Aldundiak azpikontratatutako enpresa batean, sexu eraso saiakera bat gertatu da; eta Transportes Hombres Barreira enpresan, sexu jazarpen kasu bat izan da.

LABek agerraldi bat egin du Gasteizen, lan munduan indarkeria matxista eta emakumeenganako diskriminazioarekin lotutako hiru egoera salatzeko.

Tamalez ez dira kasu isolatuak, ez dira ematen diren lehenak, ezta azkenak ere.

Lan munduan, emakumeok diskriminazio eta indarkeria egoerei aurre egiten diegu egunero. Baina ez dira kontatzen, ez dira salatzen, ez dira ezagutzera ematen. 

Emakumeon aurkako indarkeria sistema heteropatriarkalaren tresna da gu isilarazteko, obedienteak izateko eta ezarritako genero roletan mantentzeko. Indarkeria matxista lan munduan, jendartean ematen denaren isla da. Botere harreman eta harreman hierarkikoekin gurutzatzen da eta horrek indarkeria detektatzea eta salatzea eragozten du.

Horrela, indarkeria ezkutuan gelditzen da, ez baita erraza salatzea. Horren atzean gu babesten ez gaituen sistema oso bat baitago. Lana galtzeko beldurra eta mehatxua errealitatea da. Gure hitza etengabe zalantzan jartzen da. Horren ondorioz, lantokian gure alde testigantza eman dezakeen norbait aurkitzea ezinezko bilakatuz.

Erasotzaileen inpunitatea lan munduan nahi genukeen baino maizago gertatzen da. Alde batetik, enpresek babesten dituztelako, eta, bestetik, enpresariak beraiek direlako erasotzaileak.

Sexu jazarpenaren aurkako protokoloak ez dira egiten edo eta martxan jartzen enpresetan, honela jazarpen kasuak egotea erraztuz eta inpunitateari mesede eginez.

Salatzen direnean berriz, protokoloak egonda ere, ez dira modu egokian aplikatzen. Salaketa jarri duen emakumearen hitza zalantzan jartzeaz gain, babesik gabe eta erasotzailearengandik urrundu gabe jarraitzea, eguneroko ogia dira, nahiz eta ikusi nahi ez izan.

Aldi berean, enpresen aldetik ez dira kontziliaziorako benetako neurriak ipintzen, ezta erantzukidetasuna sustatzen ere, haurdun egoteagatik edo ama izateagatik emakumeak kaleratuak izaten jarraitzen dute eta.

LABetik, ez dugu kasu bat bera ere pasatzen utziko. Kasu guztiak eta enpresa guztiak salatuko ditugu. Salaketak ipintzen dituzten emakumeak babestu, lagundu eta beraien ondoan izango gaituzte, jakin badakigulako sistema gure beldurrez baliatzen dela salaketa jartzeko momentuan. Izan ere, gure hitza zalantzan jartzen da, gure gain uzten da gertatutakoaren erantzukizuna eta oztopoak jartzen zaizkigu gure aldeko testigantzak jasotzeko, hau guztia lana galtzearen mehatxua erabiliz, botere harremanen ondorioz.

Gu ordea saretuta gaude, emakumeen sareak sortu ditugu gure artean elkar defendatzeko, babesteko eta laguntzeko.

Hala, eraso horiek erantzungo ditugula esan behar dugu. Erasoak salatzera animatzen ditugu emakume guztiak. Lan ikuskaritzari zein erakunde ezberdinei egoera hauen aurrean neurri prebentiboak martxan ipintzea exijitzen diegu. Enpresei, sexu jazarpena zein diskriminazioa ekiditeko protokoloak martxan jar ditzatela exijitzen diegu, lantokiak gune libreak izan daitezen, indarkeria matxista zein diskriminaziorik gabekoak.

Hiru adibide
Hauek dira, hain zuzen ere, LABek gaurko agerraldian salatu dituen kasuak:

1- Joan den urteko irailaren 25ean, Palacio Elorriaga Hotelak, zazpi urteko harremana eta gero, haurdun egoteagaitik langile bat kaleratu zuen. Hotelak emakumeak bere haurdunaldia enpresari jakinarazi eta bi aste barru notifikatu zion kaleratzea. Langileak kaleratzea salatu zuen, eta urtarrilaren 22an epaiketa ospatu egin zen. Momentuz, epaiaren zain gaude.

2-Joan den urteko azaroaren 2an, sexu eraso saiakera bat egon zen Arabako Foru Aldundiko azpikontrata baten langile baten aldetik, enpresa horretako emakume langile baten aurka. Emakume langileak salaketa jarri zuen, eta erasotzailea koakzio delitu arin batengatik zigortu dute, urruntze agindu bat ezartzeaz gain. Hala ere, enpresak ez du inolako neurririk ipini halako egoera bat berriro gerta ez dadin. Honi gehitu behar zaio, ez Aldundiak eta ezta segurtasun enpresak ere, ez dutela protokolo zehatzik sexu jazarpena edo sexuaren araberako jazarpena saihesteko.

3-Transportes Hombres Barreira enpresan hilabetez eman da sexu jazarpen kasu bat emakume langile baten aurka, zenbait lankide eta arduradunen aldetik. Denboran luzatu da egoera, emakume langilearentzat jasangaitza izan den arte, eta dagokion salaketa jarri arte. Transportes Barreirako zuzendaritza konplize bilakatu da egoera honetan, ez baitu ezer egin egoerari amaiera ipintzeko; langilea babesteko, erantzukizunak egokitzeko eta halako zerbait berriro gerta ez dadin neurriak jartzeko, alegia. Gainera, enpresak emakume langilearen datu pertsonalak jazartzaileen esku uzteko bidea erraztu du, eta, modu horretan, jazarpenak iraun dezan lagundu du.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.