2024-11-23
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaBerriro ere, “Herenegun” egitasmoa bertan behera uztea eskatu dugu

Berriro ere, “Herenegun” egitasmoa bertan behera uztea eskatu dugu

Azken egunetan komunikabide desberdinek zabaldu dutenaren arabera, Eusko Jaurlaritza, Herenegun programaren aplikazioaren inguruan adostasun batera iritsi da hezkuntza komunitatearekin. LABetik adierazi nahi dugu, guk argi eta garbi utzi genuela azaroan kaleratutako oharrean, berau bertan behera uztea eskatzen genuela.

Gu ere, bagara hezkuntza komunitateko kide, beraz, jakin nahiko genuke ea hezkuntza komunitateko zein eragilerekin iritsi diren adostasunetara.

Lerro hauen bidez, berriro ere, Herenegun programa bertan behera uzteko exijitzen dugu, arrazoi desberdinak medio:

1. Unitate didaktikoa faltsukeria batean oinarritzen da. Izan ere, 1960 eta 2018 urte bitarteko epealdi historikoa aztertzea omen da bere helburua, baina ez da horrelakorik egiten. Epealdi horretako gertakari asko eta asko gainetik bakarrik aipatzen dira: bigarren industrializazioa, langile mugimenduaren olatu berria, euskara batua, Ez Dok Amairu eta abar luze bat. Unitate didaktikoa ETAren jardun armatuan sakontzen du eta, bigarren maila batean, talde parapolizialen eta estatuaren bortizkeriaren kontakizun motzegia egiten da. Azken batean, epealdi historiko bat landu baino, benetan LOMCEk ezarritako helburu bati erantzuten dio unitate didaktikoak, alegia, “terrorismoaren deslegitimazioa” egiteari. Ez da beraz Euskal Herritik egindako gogoeta etiko eta historiko baten ondorio, baizik eta PP-ren Gobernu batek ezarritako katezismo berria egokitzeko ariketa.

2. Jendartearen ordezkariak ez dira (ez gara) gai izan, gaur gaurkoz, Euskal Herriak bizi izan duen gatazka armatuaren inguruko errelato desberdinak barne bilduko duen orube komun bat eratzeko. Esango genuke, gainera, euren burua gatazkaren “garaile” irudikatzen duten horiek direla zubiak eraikitzeko inolako ahaleginik egin ez dutenak. Eta gabezi sakon hori bere horretan dagoela ikasgeletara errelato jakin bat (“garaile”ena, hain zuzen ere) eramatea arduragabekeria galanta da.

3. 1960 eta 2018 urte bitarteko epealdiaz hitz egiten da itxitako garai historiko bat balitz bezala. Zalantzazkoa da horren gertu dagoen epealdi baten inguruko historia egin eta irakastearen kontzeptua bera, ez baitago horretarako nahikoa perspektiba historikorik. Baina gainera, garai historiko hori ez dago itxita, gatazkaren ondorioak ez baitaude konponduta ez eta konponbidean: ehunka preso sakabanatuta daude, salbuespenezko legedi baten pean; Espainiako Gobernuak ez du eragindako minaren inguruko gogoetarik egin; torturatuak eta
Estatuak hildakoak bigarren mailako biktimatzat dira hartuak. Ikastetxeetako bisitetan Estatuaren biktimetako batzuk parte hartzeak ez du arazoa konpontzen. Zer sentituko du motxiladun ume batek, klasean gatazkari buruz itxitako garai historiko bat bailitzan hitz egiten badiote? Zer, torturatu baten edota biktimatzat aitortu gabeko baten seme-alabak? Unitate didaktikoa ikuspegi etiko batean omen du oinarri, baina ikasgeletan egoera erabat bidegabeak sor ditzake.

4. Honekin guztiarekin ez dugu esan nahi hezkuntza esparruan gatazkari dagokionez urratsak eman behar ez direnik. Aitzitik, hezkuntza komunitateak ekarpena egin dezake memoriaren eta elkarbizitzaren norabidean, esparru politikoan egon litezkeen urratsen zain egon gabe. Baina horretarako hezkuntza komunitatearen baitako lanketa zabal eta sakona beharko litzateke. Azken batean, hezkuntza komunitatean oro har eta zehazki hezitzaileen artean gatazkari dagokionez jarrera desberdinak izan dituzten eta bizipen/errelato desberdinak dituzten pertsonak daude. Horien guztien arteko elkarrizketa bat jarri beharko luke martxan Hezkuntza Sailak, elkarren arteko zubiak eraiki eta ariketa zintzo bat egiteko; prozesu horren ondorio gisa jaiotako hezkuntza materialak (aipatutako arrazoiengatik Historia irakasgaiaren mugak gaindituko lukeenak), horrek bai izango lukeela balio hezitzailea. Horren ordez, Eusko Jaurlaritzak aditu talde bat bildu eta material itxia aurkeztu dio Eskola Kontseiluari, ekarpenak egiteko hiru asteko epe murritza emanez. Horrela ez dira egiten gauzak eta gutxiago euskal jendartearentzat hainbeste min eta zatiketa eragin duen auzian.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.