Egun berean, urtarrilaren 26an, Huerta de Peraltako gatazkaren harira, LABek zita garrantzitsua du Iruñean prekarietatearen eta esplotazioaren aurka. Hala ere, argi izan behar dugu Iruñeko eta Bilboko deialdiek helburu bakarra dutela: langileon beharren arabera eraikiko den Euskal Herriaren alde borrokan sakontzea.
Bilboko Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen (Supersur bezala ezagutuagoa) 2. fasearen eraikuntzak logika sozial, ekonomiko eta ekologikorik ez duen proiektua da. Beraz, ikuspegi guztietatik ikusita, gelditu beharreko proiektua da. Aipatu beharrekoa da Supersurreko lehenengo faseak izandako bilakaera; ez ditu erabilera aurreikuspenak inondik inora bete eta gainera, estatuko errepiderik garestienetakoa izan da. Horrek argi uzten du hasieratik ez duela zentzurik izan eta 2. fasearen eraikuntza zulo horretan sakontzea izango litzatekeela. Bestalde, ezin dugu aipatu gabe utzi Bolintxuren kontra egingo litzatekeen sarraskia. Bolintxuko gunea babestu beharreko inguru gisa definituta dago, bertan dagoen flora eta faunaren ezaugarriengatik. Supersurraren 2. fasea eraikiz gero, bertan izango diren inpaktuak nabarmenak izango dira.
Beraz, Supersurreko proiektua bertan behera uztea eskatzea dugu; Bizkaiko Foru Aldundiak mugikortasunaren inguruan duen politikak ez du planifikazio erreal eta sostengarririk. Azpiegitura politika adjudikazio eta kontratazio esparru bezala ulertzen dute eta ez herritarron mesedetara egongo den eredu bat eraikitzeko tresna bezala.