2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakUdal eta Foru AdministrazioaIñaki Igerategi bere suhiltzaile postura itzultzeko eskatu diote Markel Olanori

Iñaki Igerategi bere suhiltzaile postura itzultzeko eskatu diote Markel Olanori

Gipuzkoako suhiltzaileek elkarretaratze bat egin dute Donostian, Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Mobilizazio honekin, Iñaki Igerategi lankidea berronartzea eskatu diote Aldundiari, eta gutun bat helarazi diote Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanori eskaera horrekin.

Goizeko 9:00etan, Gipuzkoako Aldundiko 50 bat suhiltzaile elkartu dira Aldundiaren aurrean, Iñaki Igerategiren kaleratzea salatzeko eta bere suhiltzaile lanpostura itzultzeko exijitzeko. "Zigor bikoitzik ez. Iñaki lanera! Aldundira!" zioen pankarta baten aurrean bildu dira.

Unai Badiola kolektiboaren izenean mintzatu da, gogoraziz orain arte egin diren mobilizazioak; uztailean prentsaurrekoa kanporaketa salatuz eta irailean estropadetan elkarretaratze bat, eskuorri banaketa eta txalupa bat pankarta batekin. Hau guztia, EAJren jarrera salatzeko, Iñaki bere zigorra beteta bigarren zigor bat ezarri diotelako, lanetik kanporatuz. Hala, Iñaki Igerategi lanpostura bueltatu arte suhiltzaileak mobilizatuko direla berretsi du Unai Badiolak. Azaldu du hitzordua eskatua dutela Markel Olanori. Eskura eman nahi diote 150 bat suhiltzailek sinatu duten gutun bat, sinadurekin batera, baina bilerarik ez diete eman.

Zentzu honetan, gaur saiatu dira Markel Olanorekin biltzen, baina ez ditu hartu eta salatu dute oraindik ez diela eman hilaren 11n eskatutako hitzordua.

Hain justu, hauxe da Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanori zuzendutako gutuna:

Jaun agurgarria,

Jakina duzunez, Iñaki IGERATEGI LIZARRIBAR Gipuzkoako Aldundiko suhiltzailea zen eta Tolosako parkean jarduten zuen 2012. urteko otsailean Espainiako poliziak atxilotu zuenean.

Espainiako Auzitegi Nazionalak, epaitu eta gero, 6 urteko espetxe eta inhabilitazio zigorrak ezarri zizkion. Bere zigorrak beteta, 2018. urteko otsailean espetxetik atera zen eta bere suhiltzaile lanpostura itzultzea eskatu zion Aldundiari.

Aldundiak, aurrekari legalei muzin eginez, ukatu zion bere lanpostura itzultzeko eskubidea eta Funtzionario Karreratik baztertu zuen, beteta zuen zigorrari beste bat erantsiz.

Erabaki hori oso larria iruditzen zaigu, Iñakik eskubide osoa duelako bere lanpostura bueltatzeko. Eta are larriagoa, Gipuzkoako Aldundiaren Suhiltzaileen Zerbitzuan gabezia pertsonal handiak daudenean, azken asteotan suhiltzaile-etxe bat itxita izatera ere behartu dutenak. Eta bitartean gure lankidea, Iñaki, bere profesionaltasuna urteetan erakutsi zuena eta herritarren zerbitzurako prestutasun guztia agertu duena, kalean utzi duzue. Suhiltzaileak soberan izango bazenituzte bezala.

Gutun hau sinatzen dugun suhiltzaileek argi utzi nahi dizugu gure lankide Iñakik eskubide, prestutasun eta gaitasun osoa dituela bere lanpostuan berriro ere aritzeko eta horretan berriro ere onartzeko exijitu nahi dizugu. Argi utzi nahi dizugu ez garela geldi egongo Iñaki parkean gurekin, herritarren zerbitzura, berriro ikusi arte.

Gure eskakizunak ulertzen eta aintzat hartuko dituzulakoan,

Jaso agur bero bat

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.