2024-11-22
HomeIrakaskuntzaGizarte ekimeneko ikastetxeakArduragabekeria hutsa da Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako hamabigarren greba egunean patronalen aldetik inolako...

Arduragabekeria hutsa da Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako hamabigarren greba egunean patronalen aldetik inolako mugimendurik ez egotea

Sektoreko hamabigarren greba eguna da gaurkoa, eta gaurkoan ere babes zabala izaten ari da langileen aldetik (atzokoaren antzekoa, %60-65 bitarte). Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan 9.000 langile inguru daude; EAEko itundutako ikastetxeen %70a inguru dira, eta 120.000 bat ikasleri ematen diote zerbitzua.

Hamar urtez Lan Hitzarmena berritu gabe egonik, sektore honetako langileen lan baldintzen berreskurapena eta hobekuntza dugu greben helburu, konbentzituta baikaude hobekuntza hauek gure ikastetxeetan eskaintzen den hezkuntza kalitatean eragin zuzena dutela eta beharrezkoak direla. Beraz, grebaren helburuak argiak, bidezkoak eta aski ezagunak dira. Langileak eta berauek ordezkatzen ditugun sindikatuok oso arduratuta gaude ikastetxeetan gero eta baldintza kaskarragoetan lan egitera behartzen gaituztelako, eta honek duen eraginagatik, ez bakarrik gure lan baldintzetan, baizik eta baita ikasleek jasotzen duten hezkuntza kalitatean ere.

Hori dela eta, ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok negoziaziorako gure borondatea berretsi nahi dugu eta egoera honi buelta emango dion taxuzko proposamen baten zain jarraitzen dugula adierazi.

Egunotan Eusko Jaurlaritzako ordezkariak egiten ari diren adierazpenak adierazpen, horiek zertan gauzatuko diren zehaztu gabe jarraitzen dute, patronalek geldirik diraute eta mahai gainean daukagun proposamen bakarra 8 greba egun hauen aurretik geneukan berbera da.

Sindikatuok eta langileok familien kezka eta ardura ulertzen dugu, eta geu ere erabat arduratuta gaude egoera honekin. Arduragabekeria hutsa iruditzen zaigu aste honetako hirugarren greba egunean eta sektoreko hamabigarrenean patronalen aldetik inolako proposamenik ez egotea, baita Eusko Jaurlaritza zehaztasunik gabeko adierazpenak egitera mugatzea ere.
ELA, STEILAS, COOO, LAB eta UGT sindikatuok bai patronalei, bai Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu bakoitzak dagokion ardura eta erantzunkizuna bere gain hartu eta gatazka honi irtenbidea emateko neurriak har ditzatela, langileen aldarrikapenei taxuzko erantzunak emanez eta akordioetara iristea posible egingo duten planteamenduak eginez.

Aldi berean, langile guztiak animatzen ditugu hurrengo greba egunetarako antolatu ditugun elkarretaratze, manifestazio eta gainerako ekintzetan parte hartzera.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.