2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaPaumako kontratazio eredua aldatu eta langileen kontratuak mugagabe bihurtzea lortu dugu, langile...

Paumako kontratazio eredua aldatu eta langileen kontratuak mugagabe bihurtzea lortu dugu, langile borrokaren bidez

Kontratazio ereduaren inguruko akordioa sinatu da enpresarekin. Langileen aldarrikapenak onartu dituzte eta langileen heren bati, behin-behinekotasunean zegoenari, kontratuak mugagabe bilakatu dizkiete. 50 langile inguru dira.

2018ko udan, zuzendaritza bera duten UTE-Pauma eta Pauma S.L. enpresetako hauteskunde sindikaletan LAB sindikatuak delegatu guztiak bereganatu zituen (9+1, hurrenez hurren). Hortik aurrera, langileek emandako indar eta konfiantzarekin, LABek zuzendaritzari eskatu zion bi enpresetako behin-behinekotasun ikaragarri handia zuzentzeko. Baina zuzendaritzak langileen aldarrikapenei muzin egin zien; alegia, ez zituela oinarrizko lege arauak bete nahi. Hartara, bazetorren subrogazio baten ondorioz langile asko kalean gelditzeko arriskuan zeudela ikusi zenez, ekintza sindikalari ekin zitzaion, eta mobilizazio zein lanuzte arrakastatsuak egin ziren.

Azkenean, hilabete batzuen buruan, kontratazio ereduaren inguruko akordioa sinatu da enpresarekin. Langileen aldarrikapenak onartu dituzte eta langileen heren bati, behin-behinekotasunean zegoenari, kontratuak mugagabe bilakatu dizkiete (50 langile inguru dira). LAB sindikatuan ez dugu zalantzarik garaipen garrantzitsu hau langileen borrokatzeko gogoari, adoreari eta antolatzeko gaitasunari zor zaiela. Bertze behin erakutsi da borrokatzea merezi duela.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.