2024-11-22
HomeEkintza Soziala "Sindikatua, itsaso mugituari aurre egiteko astrolabioa"

[IRITZIA] “Sindikatua, itsaso mugituari aurre egiteko astrolabioa”

LABeko Ekintza sozialeko kide Mikel Alvarezek burujabetza eta eraldaketa sozialari buruz idatzi du.

Astrolabioa, antzinako nabigatzaileek itsasoan orientatzeko erabiltzen zuten tresna zen. Tramankulu horren bitartez, izarrak behatu, itsasontziaren posizioa finkatu eta bide egokia hartzeko pausuak aztertzen zituzten. Itsaso mugitua daukagu gaur egun eraldaketa soziala eta munduan iraultza bilatzen dugunon artean; ezkerraren baitan haize ufada berriak (edo berrituak) daude eta horrek eragina du ideien eta praxiaren ozeanoan.

Dibertsitatea, unibertsalismoa, burujabetza, subjektuen fragmentazioa, globalizazioa, intertsekzionalitatea, iraultza, erreforma… ezkerraren baitan bogan dauden hitzak dira, mare magnum dialektiko batean dantzan daudenak momentu honetan. Hitzen zopa honetan gure buruak kokatzeko astrolabioak behar ditugu, non gauden eta nora goazen zehazten lagunduko gaituzten hausnarketa marko eta ikuspegiak hain zuzen ere. Itsaso mugituaren aurrean hiru jarrera hartu daitezke itsasontzi baten gidaritzan: olatuen artean trabatzea inolako proposamenik gabe, olatuen han-hemenkaren noraezean galtzea edo hauen noranzko berriak aztertzea eta olatu horien gainean nabigatzea.

Hirugarren aukera horri eusteko ezinbestekoa da oinak lurrean edukitzea eta kokapen politikoa argi izatea. Astrolabioa kalibratuta ez duenak jai dauka enbata bortitzen garaian. Sindikatua, zentzu horretan, enbor sendoa duen mugimendu soziala da, gizartea antolatzen duen bektore baten baitan antolatzen duena bere burua (bizitzaren eta kapitalaren arteko kontraesana) eta feminismoaren inguruan aurrerapauso nabarmenak ematen ari dena. Posfordismoa, lanaren fragmentazioa, prekarietatea eta berriki, esplotaziorako darabiltzaten teknologia berrien aurrean bere burua kokatzen ari den indarra da. Olatuen artean trabatzeko arriskuaren aurrean, bere burua berrasmatzeko erabakia hartu, eta fase politiko eta ekonomiko honek behar dituen proposamenak jarri ditu mahai gainean. Gainera, klase borrokak Euskal Herrian hartzen duen forma konkretuaren aurrean, burujabetza du helburu estrategiko bezala. Bektore edo enbor nagusiak horiek izanik, adarrak leku guztietara zabaltzeko bokazioa duen mugimendua da momentu honetan Euskal Herriko kontrabotere sindikalismoa. Gatazka guztiei ikuspegi kolektibo eta holistiko bat ematea ezinbestekoa da, koordenatu eta bektore jakin batzuetan. Gainera, koordenatu horiek ondo definitzea ezinbestekoa da gizartea ordenatzen duten estrukturak ulertu ahal izateko.

Errealitatea likidoa eta subjektibitatez osatua dela dioten honetan, borroken disgregazio eta atomizazio bat dago, hipotesi kolektiboen lausotze bat, alegia. Jendartea guztiz atomizatuta dago. Lubaki politikoak lehiatu eta irabaztetik, sistemaren ertzak lubaki zilegi bakarrak izendatzera pasatzeko tentazioa daukagu. Ez gara konturatu sistemaren ertzek, hipotesi kolektiborik gabe, merkatuak horiek kooptatzeko erraztasun asko dituela. Paradigma filosofikoa “egitetik” “izatera” pasatzen dugunean, hau da, lehia politikoaren zentroan identitatea eta sinbolikoa soilik jartzen dugunean, astrolabioaren kalibrazioa okerraren seinale.

Adibide argiak ditugu gure inguruan. Ez da kasualitatea potentzialtasun gehien dituzten mugimenduak identitate eta subjektibitate zerrenda infinitu batean disolbatu nahi izatea. Arazoa ez da identitatea ordea; arazoa da identitatearen eta berdintasunaren aldeko borroka desloturik agertzea eta soilik identitatea agertzea gure borrokaren leit motiv bezala. Lanaren atomizazio materialaz gain, atomizazio politikoa ere bultzatu da modu interesatu batean. Mugimendu feminista bere borrokaren gorenean dagoenean, subjektu politiko hori disolbatu eta erlatibizatu nahi duten ahotsak azaltzen dira… Honekin esan nahi da kategoria politikoak birpentsatu behar ez direnik? Noski birpentsatzeko beharra daukagula. Baina zein da erronka nagusia orduan? Subjektu anitz eta handiak sortzea subjektu horiek birpentsatuz, baina bidetik, hegemonia politikorako borroka galdu gabe. Beste hitz batzuetan esanda, unibertsaltasun berri bat definitu, unibertsaltasun berri eta askatzaile baten aldeko borrokan lubakirik galdu gabe (eta ahal dela, lubakietan aurrera eginez). Azken finean, politikoki operatiboak diren kategoriak eta mugimenduak behar ditugu, lehia errealetan sartuko direnak eta holistikoki borrokatzen lagunduko digutenak.

Kontuan izan behar dugu, gainera, mugimendu politikoak edota sindikatuak ez direla soilik ideologia politikoak erreproduzitzeko esparru bat. Kontratu soziala hautsi den garai hauetan eta demokraziaren pribatizazioa errealitate bat bihurtu denean, jendea plaza publikora eta sozializazio esparruetara eramateko tresna ere badira. Sassenen hitzak berreskuratuz, sistemak geroz eta pertsona gehiago kanporatzen ditu eta horren aurrean, integrazio politiko eta sozialerako esparru bihurtu behar ditugu gure kolektibo eta eragileak. Kanporaketa ekonomikoaren bitartez kanporaketa politiko eta soziala bilatu nahi dute, eta hori ekiditeko, gure harresi eta integrazio dispositibo propioak eraiki behar ditugu.

Faxismoaren gorakada, hein handi batean, bi aldagai horien ondorioa da. Alde batetik, ezkerrak klase zapaldu eta kanporatuen integraziorako tresna izateari utzi diolako eta bestalde, borroka sinboliko eta abstraktuetan jarri duelako askotan foko nagusia. Jendearen bizi baldintza materialak eta segurtasun soziala hobetzeko ezintasunaren aurrean, kasu askotan, bestelako bideak hautatu dira: enfasia jartzea arlo sinbolikoan eta materiala alde batera uztea, dibertsitatearen kudeaketa aurrerakoian sartzea berdintasuna ahalbidetzen duten politika publikoetan aurrerapausurik egin gabe, moralinaz betetako diskurtsoetan jaustea kontraesanetan erortzea ekiditeko formula bezala… Oinak lurrean izatea eta langileekin aurrez aurre hitz egitea, sindikatuak de facto duen elementu bat da, bere ekintza politiko eta sindikalaren erdigunean kokatzen duena. Beraz, berriro ere, faxismoari aurre egiteko ezinbesteko astrolabioa dugu kontrabotere sindikalismoan. Errealitate materiala egunero aldatzen duen espazioan aurkitzen gara eta esan bezala, hori ezinbesteko baldintza da astrolabioa kalibratua edukitzeko eta olatu berriak nabigatzen jakiteko. Hortik kanpo, geldialdia edo noraeza bakarrik aurkitu dezakegu.

Baina errealitateak, gustatu ala ez gustatu, konkretua izaten jarraitzen du. Errealitatea ez da elementu abstraktu eta marko teoriko inoperatiboen konglomeratu bat. Horregatik, analisi eta estrategia konkretuak behar ditugu, gure errealitate politikoan integratuak egongo direnak. Zentzu horretan, Euskal Herrian badugu zerumuga kolektibo emantzipatzailea berreraikitzeko aukera paregabea. Burujabetza prozesu eraldatzailea. Aldaketa sozialean oinarritutako subiranotasuna. Osotasunari interpelazioa egingo dion proiektu politikoa. Langileok, jendartearen gehiengoa garenok, ezinbestekoak izango gara bide horretan. Geuk artikulatu behar dugu unibertsaltasun berri hori. Sindikalismoa, beraz, gakoetako bat izango da. Hala ere, bide hau ez dugu bakarrik egingo; lidergo kolektiboak sortzean eta mugimendu zabalak artikulatzean egongo da gako nagusietako bat.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.