2024-11-22
HomeZerbitzu PribatuakElikagaigintzaGarbiñe Aranburu: “Ezin da onartu langileak esplotazio eta sasi esklabotza egoeran egotea”

Garbiñe Aranburu: “Ezin da onartu langileak esplotazio eta sasi esklabotza egoeran egotea”

Huerta de Peraltako langileek hamar egun bete dituzte greba mugagabean, eta grebalariei babesa emateko elkartasun eguna antolatu dugu. Goizean goizetik, jende andana bildu da enpresaren atarian, eta, eguerdian, manifestazio bat egin dugu Azkoienen. Foru Poliziaren presentzia nabarmena izan da. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hitza hartu du manifestazio aurretik, eta jendarteari dei zuzena egin dio: “Ezin da onartu langileak esplotazio eta sasi esklabotza egoeran egotea”.

Enpresak grebalariek egindako proposamenei gaur erantzungo ziela adierazi zuen, asteartean, greba batzordearekin izandako bileran. Horri eta gatazkaren jatorriari buruz aritu da Garbiñe Aranburu: “Enpresak gatazkarekin amaitzeko aukera du gaur. Proposamen bat du mahai gainean. Huerta de Peraltako langileak esplotazio eta sasi esklabotza egoera btean aritu dira lanean, eta errealitate hau Nafarroako beste lur batzuetan zabalduta dago. Gainera, kontutan haru behar dugu pertsona migrantez osatutako kolektibo bat dela hein handi batean, are eta egoera ahul batean daudenak. Baina, Huerta de Peraltako langileek erabaki zuten egoeraren aurrean ez makurtzea, eta antolatu eta borrokatzea erabaki zuten, euren eskubideen defentsan. Eta borroka horrek emaitzak ekarri ditu, lan baldintzetan eta soldatetan hobekuntza nabarmenak lortu baitzitiuzten. Hala ere, dirudienez, enpresak ez du ondo hartu garaipen sindikal hori, eta jazarpenarekin, kalertzeekin eta zigorrekin erantzun du patronala den aldetik. Langileak ikaratzeko modu bat da”.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, “berriro ere, langileak mobilizatzen ari dira, greba egiten ari dira. Horregatik, eredugarria iruditzen zaigu gauzatzen ari diren gatazka. Izan ere, esplotazio egoeran lan egitea enpresak irabazi gehiago lortzeko modu bat delako, baina, horretaz gain, langile kolektiboa menderatzeko modu bat ere bada”.

Hau dela eta, Garbiñe Aranburuk argi dauka borroka honek ez dagokiela Huerta de Peraltako langileei bakarrik, Nafarroako eta Euskal Herriko langile kolektibo guztiari ere: “Mugak zeharkatu dituen borroka bat da. Hain zuzen ere, nazioarteko hainbat eragile etorri ziren atzo elkartasuna ematera, eta gauer, elkartasun egun honen harira, beste enpresetako hainbat eta hainbat langile hurbildu dira babesa emateko”.

Hala, LABeko idazkari nagusiak jendarteari dei zuzena egin dio: “Ezin da onartu langileak esplotazio eta sasi esklabotza egoeran egotea”.

Nafarroako Gobernuari ere luzatu dio mezua, “modu zuzenean inplika dadin gatazkan. Enpresari gatazka konpondu dezan exijitu behar dio, enpresa honek diru publikoa jaso duelako eta gobernuak ardura politikoak dituelako lan gatazka honen konponbidean”.

Bukatzeko, Garbiñe Aranburuk nabarmendu du, enpresaren aldetik erantzun baikorrik egon ezean, greba batzordeak greba eta mobilizazioekin jarraituko duela kaleratutakoak berronartu eta zigorrak erretiratu arte. Zentzu honetan, manifestazio batera deitu dugu astelehenerako, Iruñean. 12:30ean irtengo da Udaletxeko plazatik.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.