Durangaldeko Gestamp enpresan, duela lau urte lortutako emaitza bikaina errepikatu dugu. LABek 11 delegatu lortu ditu guztira, gainontzeko sindikatuei alde handia aterata: UGT da bigarren indarra, 3 delegaturekin; CGTk 2 ditu; eta ELAk, 1.
Hego Uribe eskualdeko Tecnichapa enpresan ere nagusitasun handiz aukeratu dute LAB lehen indar gisa: 8 delegatu ditugu orain, duela lau urte baino 4 gehiago.
Eskumaldean, Arteche enpresan, sindikatu bozkatuena izatera pasa gara, bultzada handia jasota: 7 delegatu izango ditugu, duela lau urte baino 4 gehiago; bigarren indar ELAk, berriz, 4 delegatu izango ditu, duela lau urte baino 3 gutxiago.
Mungiako GET Gamesan, delegatu bat gehiago eskuratu dugu. Hala, lehen postua eskuratu dugu ordezkari kopuruari dagokionez. 2 delegatu ditugu orain, ELAk duen kopuru bera, honek 2 delegatu galdu eta gero.
Bizkaitik Gipuzkoara egingo dugu jauzia, emaitza esanguratsuenen errepasoan. Debaldean, Industrias Gol enpresan, arrakastaz gauzatu ditugu hauteskundeak. Lehen indarra gara, 4 delegaturekin, duela lau urte baino bat gehiagorekin.
Elgetako MEC Lema enpresan, hemen ere, babes gehien duen sindikatua bihurtu gara: 4 delegatu eskuratu ditugu.
Buruntzaldean, Plastigaur enpresan, 2 delegatu gehiago ditugu orain. Orotara, 4 ordezkari ditugu.
Asteasun, Gamesan, sindikatu bozkatuena izaten jarraitzen dugu, 7 delegaturekin, aurreko hauteskundetan lortutako emaitza bera. Bigarren sindikatua, independienteak, 2 delegatu dituzte; eta ELA, 2 ordezkari galduta, ez du ordezkaritzarik izango.
Urola Kostan, GKN Zumaia enpresan, lehen indarra gara 6 delegaturekin, aurreko hauteskundeetan baino delegatu bat gehiago eskuratuta. Hala, UGT atzean utzi dugu, ordura arte zituen 5 delegatuekin jarraitzen baitu sindikatu honek.
Araban ere emaitza esanguratsu bat aipatu nahiko genuke. Duela lau urteko emaitzak errepikatu ditugu Legutioko Sidenor enpresan. Horrek esan nahi du, 3 delegaturekin, lehen indarra izaten jarraitzen dugula.
Nafarroan, Iruñerriko Caldereria Navarra enpresan ere, emaitzak errepikatzearekin batera, lehen indarra izaten jarraitzen dugu, 2 delegaturekin.
Leitzan, Torraspapel enpresan ere lortu dugu gure posizioa berrestea: 9 delegatu lortu ditugu, eta ELAk 4. Aurreko hauteskundeetan izandako emaitza bera errepikatu da aurten.
Altsasun, Sunsundegin, 2 delegatu gehiago eskuratu ditugu. 4 ordezkari ditugu orain, lehen indarra den UGT sindikatutik ordezkari bakarrera.
Hauteskunde sindikaletan babesa erakutsi diguten langileek ongi baino hobeto dakite antolatuta egoteari esker lortzen direla gauzak aldatzea, maila guztietan; eremu sindikal, politiko zein sozialean. Eta LAB eraldatzailea, solidarioa, ekintzailea eta eraginkorra da. Horregatik aukeratu gaituzte bidelagun.