Gaurko Gobernu Kontseilua ondoren egindako soldata igoera eta enplegu publiko deialdien iragarpenek ez dute murrizketen ondorioz sortutako egoera konpontzeko inolaz ere balio.
Aurrekontuen eztabaida garaian LABek salatu zuen bezala, langile publikoen atalari dagokionez, Gobernuak inolako negoziaziorik gabe inposatutako neurriak aurrera eramaten saiatu da. Euskal administrazioetan dagoen behin-behinekotasun tasa ikaragarrian da eta langileei kendutako soldata ez dute itzuli eta ez dute sortutako zorra aitortzeko inolako borondaterik. Negoziazio mahaietan aurkezten duten bakarra Madrilen ezartzen den gidoiaren arabera baimentzen diren gaiak dira, hemengo negoziazio esparruari muzin eginez. Jaurlaritzak publikoki Madrileko neurriak kritikatzen dituen arren, euskal administrazioetan inongo gupidarik gabe inposatzen ditu, sindikatu guztien iritziaren aurka. Garbi dago gure ustez, Madrilen ezarri nahi den zerbitzu publikoen eredua EAJren eredua ere badela; zerbitzu publikoak ahuldu eta pribatizatu.
Aurtengo aurrekontu eztabaidari begira LABek bi aldarrikapen zehatz egin dizkie legebiltzarreko talde guztiei. Alde batetik, langileen egonkortasunerako ezinbestekoak diren finkapen prozesuak arautzeko tresnak aurrekontu legean jasotzea eskatu diegu. Bestetik, langileekin dagoen zorra legez aitortzea aldarrikatu dugu ere. Legebiltzarrak daukan gaitasun legegile guztia garatzea izan dugu helburu, bertako zerbitzu publikoetan dauden beharrei erantzuteko hain zuzen ere.
Erabat salagarria da enpleguaren gaian Gobernuak daukan jarrera. Behin eta berriro milaka lanposturen deialdi publikoen iragarpena egiten dabil, iritzi publikoan eragin nahian. Hiru urte hauetan deituko dituzten 13.500 lanpostu horiek eta beste milaka lanpostu daude oraindik finkatu gabe. Zer esanik ez, milaka eta milaka bitarteko langileen ziurgabetasun egoerari begiratzen badiogu. Ezinbestekoak dira gure ustez finkapen deialdiak arautzea eta deitzea euskal funtzio publikoan. Eragileekin negoziatzea alde bakarrez inposatzea baino nekezagoa da Jaurlaritzarentzat, eta bere ahulezia propaganda kanpainekin estali beharra ikusten du.
Aurrekontuen eztabaidan esaten genuen bezala, langile publikoei mobilizazioa besterik ez zaigu gelditzen. Eusko Jaurlaritzak Madrilera gutxiago begiratu eta negoziazio mahaian Enplegu Plan integral bat adostu beharko luke, baita langileekin daukan zorraren aitortza eta ordainketa egin ere, LABek tinko jarraituko du aldarrikapen horien gainean lan egiten.