2024-11-22
HomeNazioartea IdazkaritzaHarremanakNazioak zapaltzen dituzten Estatuen aurkako borrokan sakonduko du Estaturik Gabeko Nazioetako Sindikatuen...

Nazioak zapaltzen dituzten Estatuen aurkako borrokan sakonduko du Estaturik Gabeko Nazioetako Sindikatuen Plataformak

Atzo, abenduak 16an, Val d’ Aostan, Estaturik Gabeko Nazioetako Sindikatuen Plataformak bere Biltzar Nagusia egin zuen. LAB sindikatua, plataformako sortzaileetako bat izanik, bertan izan zen, berau osatzen duten sindikatuekin batera, Aostako SAVT, Sardiniako CSS, Galizako CUT, Intersindical CSC Catalunya, Bretainako SLB, Korsikako STC eta Martinikako UGTM. Hain zuzen ere, LABek mahai gainean jarritako proposamena onartu zuten bildutako sindikatuek, plataforma fase berri batera eramateko helburuarekin.

Proposamenaren oinarria Estaturik Gabeko Nazioetako Sindikatuen Plataforma, txapel bakarraren azpian, nazio bezala zapaltzen gaituzten Estatu bakoitzekiko koordinazio eta estrategia propioak garatzea da. Frantziako Estatuan, bertako sindikatuei alternatiba bat eraikitzen joatea da xedea. Espainiako Estatuan, berriz, sindikalgintzatik, nazioetako sindikatu soberanista eta ezkertiarrekin batera, 78ko erregimenaren kontrako borrokan sakontzea da erronka.

Honela gauzak, estrategia honen baitan antolakuntza berri bat onartu da, datorren urtetik aurrera indarrean jarriko dena. Alde batetik, plataformak koordinatzaile orokor bat izango du, LAB sindikatua, kasu honetan, eta Estatu edo eremu bakoitzeko azpi-koordinatzaile bat ere bai.

SAVT sindikatuaren Batzar Nagusia
Bestalde, Ipar Euskal Herriko LABeko arduradun den Eñaut Aramendik, Ipar Euskal Herriko Medikuntza sozialeko arduradun den Argitxu Dufauk eta Nazioarteko harremanetarako idazkaria den Koldo Saenzek osatzen duten LABeko ordezkaritza Aostan izan da ere bertako SAVT sindikatuaren XVII. Batzar Nagusian parte hartzeko.

Kongresua tradizioa, elkartasuna eta aurrerakuntza lelopean egin dute, justuki 1952an SAVT sindikatua sortu zenean egin zuten lehen kongresuaren lelo bera. Gogoratu behar da SAVT sindikatua, LAB bezala, Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformako kide dela eta aspalditik bidelagun ditugun sindikatu bat dela.

LABeko Nazioarteko idazkari Koldo Saenz, hitza hartzen.

Kongresuan, LABez gain, nazioarteko sindikatu ezberdinek hartu dugu parte; hala nola, Galizako CUT, Kataluniako CSC, Kortsikako STC, Sardiniako CSS, Martinikako UGTM eta Bretainiako SLB. Kongresuan Italiako CGIL sindikatuaren ordezkaritza bat egon da.

Aurtengoa kongresu berezia izan da SAVT sindikatuarentzat, belaunaldi aldaketa batean murgildu direlako. Denbora luzez idazkari nagusi izan den Guido Corniolok kargua utzi eta hurrengo asteetan idazkari nagusi berria izendatuko dute. Kongresu honetan ponentziak onartzeaz gain, 42 pertsonez osaturiko zuzendaritza onartu da, eta zuzendaritza hau izango da idazkari nagusi berria izendatuko duena.

LAB sindikatutik zuzendaritza berriari eta SAVT sindikatu guztiari hoberena opa diogu etorkizunean elkarrekin eginen dugun lanean.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.