2024-11-25
HomeIndustriaMetalgintzaDiru nahiak eta EEEek ez dute mugarik Arcelor Mittal-en

Diru nahiak eta EEEek ez dute mugarik Arcelor Mittal-en

Gaur, abenduak 14, Arcelor Mittaleko zuzendaritzak indarrean dagoen aldi baterako EEEa beste 3 urteetarako luzatzea eskaini digu sindikatu guztioi. EEE-ak lantoki guztiei eragiten die. LAB, beste behin ere, astakeria honen aurrean gogor azaldu da.

LABek mezu hau luzatu nahi dio jendarteari:

1.- Enpresak ez du EEEa justifikatzen duen inongo dokumentaziorik aurkeztu. Izan ere, gaurkoa ez zen EEEaren negoziazio mahaiaren bilera, horretarako batzorderik ez baita osatu. Gaurko bilera enpresaren egoera azaltzeko bilera informatiboa baino ez zen. Hala eta guztiz ere, zuzendaritzak gaurkoan, bai ala bai, EEEa bozkatzea eta sinatzea nahi zuen, legea errespetatu gabe.

2.- Arcelor Mittaleko langileok 2009tik iraunkorki EEEa pairatzen ari gara, estatu mailako sindikatuen sinadurarekin Madrilen. Oraingoan gauza bera gertatu da. Aldi baterako EEEak, bere izenak dioen bezala, denbora zehatz baterako dira, Arcelor Mittalen izan ezik. Arcelorren betirako dira. Langileok 10 urtez jasaten ari gara, eta gaurkoa aurrera eramaten badute, 13 urtez pairatuko dugu. Arcelorreko EEEa historiako inoizko espedienterik luzeena da.

3.- EEEa salbuespeneko neurri bat da egoera ekonomiko zail bati edota lan karga falta bati erantzuteko. Arcelor Mittalek aurten iada jakinarazi du aurreko urtekoa baino %12ko etekin handiagoa lortu duela eta munduan zehar altzairutegiak erosten ari da, Ilva altzairutegi italiarra, adibidez.

4.-EEEa salbuespeneko neurri bat da enplegua mantentzeko helburuarekin eta kaleratzeak saihesteko. Arcelor Mittalek, soilik azken 4 urteetan, 915 lanpostu suntsitu ditu euskal altzairutegietan, enpleguaren %40a. Suntsitutako lanpostu gehienak lanpostu prekarioagoengatik ordezkatuak izan dira, azpikontratazioaren eta ABLEen bidez alegia.

Honengatik guztiarengatik, aldi baterako EEEa luzatzea iruzur juridiko eta etikoa izateaz gain, denon diru publikoaren aurkako iruzur bat litzateke. LABek bere eskuetan dauden tresna guztiak erabiliko ditu, baita juridikoak ere, astakeria hau geldiarazteko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Aldarrikatuko dugu Euskal Herriak ahots propioa izan behar duela CAF taldeko Enpresa Batzorde Europarrean

Azaroaren 27an bilduko da lehen aldiz CAF taldearen Europako Enpresa Batzordea izango denaren oinarriak adostu beharko lituzkeen negoziazio-mahaia. Bilera hau Beasaingo lantegian egingo da, 10:00etatik aurrera.
00:01:18

Lantokietako indarkeria matxistari aurre egiteko politika eraginkorrak exijitu ditugu

Horretarako, eskari bana erregistratu dugu EAEko zein Nafarroako lan ikuskaritzetan eta mobilizazioak ere egin ditugu Gasteizen eta Iruñean.

Munduko Federazio Sindikaleko Gazteen 4. Kongresuan parte hartu dugu

LAB sindikatuak Munduko Federazio Sindikalaren (MFS) Langile Gazteen 4. Kongresuan parte hartu du, azaroaren 22tik 23ra, Marseillan. "Gazte langile antolatuak eta militanteak, lan eta bizitza duin baten alde" lelopean, Kongresuak kontinente guztietako 29 herrialdetatik etorritako 45 sindikatutako ordezkariak bildu ditu.