2024-11-24
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaEskola jangeletako GASCA enpresako langileentzat gaur ireki dute euskara ikastaroetan izena emateko...

Eskola jangeletako GASCA enpresako langileentzat gaur ireki dute euskara ikastaroetan izena emateko epea

Ordu gutxi falta dira Euskaraldia amaitzeko, Euskararen Nazioarteko Egunaren etorrerarekin, baina honek ez du esan nahi ezer bukatu denik. Hain zuzen ere, LAB bere ekarpena egiten ari da lan mundua euskalduntzeko, zenbait enpresatan lortutako akordioak adibide. Horietako enpresa batean, eskola jangeletako Gascan, gaur bertan ireki dute bertako langileek euskara ikastaroetan izena emateko epea.

Eskola jangeletako GASCA enpresan langile guztiak euskalduntzeko akordioa lortu zen iaz. Aurten, bigarren urtez benetako eta doako sarbidea dute langileek euskara ikastaroetara. Gure borondatea, akordio hau etorkizunean mantentzea da.

Akordioa, enpresak eta AEKk sinatu zuten euren arten, gure laguntzarekin eta aurten berriz aurrera eraman dugu. Langileek, ikastaroen beharrizanetara gehien egokitzen den euskaltegian jasoko dituzte klaseak, goizez edo arratsaldez, ikasleen zein euskaltegiaren aukeren arabera.

Aurten, alde batetik, A1 mailako ikastaroak egongo dira, 60 ordutakoak, astean bi egunetan. Bestalde, A2, B1, B2 eta C1 mailetakoak, 120 ordutakoak, astean hiru egunetan. %75eko asistentzia eskatzen da ikastaroetan.

Iaz, 110 langilek hartu zuten parte ikastaroetan Bizkaian. Aurtengoari dagokionez, gaur hasi da izena emateko epea eta abenduaren 14ra arte luzatuko da. Gainera, Arabako langileei ere zabaldu zaie aukera. Aurten erdietsitako beste lorpen bat izan da, langileek ikastaroa gainditzen badute, maiatzean edo ekainean HABEko azterketara aurkezteko aukera izango dutela.

Auzo Lagun-en ere
GASCAkoa ez da langileei euskarazko klaseak emateko lortu den akordio bakarra. Jangeletako beste enpresa batean, Gipuzkoako Auzo Lagun-en, horrela eskatzen duten langileei euskara klaseak ordainduko dizkie enpresak, astean lau ordutakoak. Gipuzkoako kudeaketa zuzenean ere euskara ikastaroak enpresak ordainduko ditu, astean bost ordutakoak.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.