2024-11-22
HomeEkintza SozialaNafarroak estatus politiko berri bat behar du Nafarroako langileok nahi dugun aldaketa...

Nafarroak estatus politiko berri bat behar du Nafarroako langileok nahi dugun aldaketa soziala gauzatzeko

Bada garaia Nafarroako Gobernutik eta parlamentutik gobernu espainolaren aurrean planto bat egiteko. Bakarrik konfrontazio politikoarekin egungo marko politikoa gainditu daitekeelako. Hitzetatik praktikara pasatzeko garaia da. LABek horren aldeko konpromisoa hartzen du.

Urte honen hasieran Hitzarmen Ekonomikoaren negoziazioan berreskuratutako 250 milioi euro inbertsio sozialetara bideratzea eskatu genion Nafarroako Gobernuari. Horren alde, LAB sindikatutik mobilizatu ginen.

Nafarroako Gobernuak 2019rako aurkeztutako aurrekontuekin ez gaude ados. Ez dira parte hartzaileak eta ez dira aldaketa sozialak eskatzen dituenak. Hori dela eta, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-Ek aurkeztutako inbertsioekin eta markatutako lehentasunekin ez gaude ados. Hala ere, egindako ariketak balio bat du.

Egungo legediak eta marko politikoak gizarteak dituen beharretan inbertsioak egitea debekatzen ditu. Elite ekonomikoen interesak langileriaren beharren gainetik daude. Horretarako, Espainiako Konstituzioaren 135. artikulua aldatu zuten eta horregatik gastu sabaia ezartzen digute. Krisi garaian dirua ez zegoela esaten ziguten murrizketak aplikatzeko. Orain, dirua dagoenean, zorra ordaintzera lehenestea ezartzen dute. Honez gain, nahiz eta errekurtsoak egon, inbertsioak handitzea debekatzen digute.

Nafarroako autogobernua mugatua zegoela esan dugu askotan. Gaur, Espainiako Ogasun Ministerioak 2017ko superabitatik soilik 35,5 milioi erabiltzeko baimena eman dio Nafarroako Gobernuari. Beraz, Nafarroako autogobernua jada ez dago mugatua, agortuta baizik.

Benetako autogobernu batek Nafarroako garapen ekonomiko eta sozialean inbertitzeko aukera emango luke. Aldiz, egungo errealitateak erakusten diguna da hori ezinezkoa dela, Estatu espainolaren menpe gaudelako. Nafarroako langileok nahi dugun aldaketa soziala gauzatzeko Nafarroak estatus politiko berri bat behar du.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.