2024-11-25
HomeFederazioakZerbitzu PublikoakGorka Berasategi: "Administrazio publikoko EPE deialdiak sindikatuekin negoziatu eta adostuak izan behar...

Gorka Berasategi: “Administrazio publikoko EPE deialdiak sindikatuekin negoziatu eta adostuak izan behar dira, horrela prekarietatearekin amaitzeko”

LABek agerraldi bat egin du Eusko Jaurlaritzako EPE ereduaren inguruan. Sektore ezberdinetan ereduaren agorpen zantzuak nabariak dira, eta sindikatuak egindako proposamenen berri eman du. LABeko Zerbitzu Publikoen Federazioko idazkari Gorka Berasategik, Irakaskuntzako arduradun Maider Izagirrek eta Osakidetzako arduradun Bego Aranzastik hartu dute hitza prentsaurrekoan.

LAB prentsaurrekoa eman du gaur EAEko EPE ereduaren inguruan. Bertan, Gorka Berasategi Zerbitzu Publikoen Federazioaren Idazkariak, Bego Aranzasti Osakidetzako arduradunak eta Maider Izagirre Irakaskuntzako arduradunak parte hartu dute.

Gorka Berasategik azaldu du hurrengo urteetan hainbat deialdi publiko izango ditugula administrazio gehienetan, deialdi horiek estatuko araudiaren baitan egingo direlarik. Bere arabera, “honek, gure zerbitzu publikoetan daukagun errealitatea kontutan hartzen badugu, ez dio inolaz ere dauzkagun arazoei irtenbidea emango”. Egungo arazoak zerrendatu ditu jarraian:

-Behin-behinekotasunean oinarritzen den sistema.
-Ez dira kontsolidazio deialdiak aurreikusten.
-Birjartze tasari lotutako deialdiak planteatzen dira, ondorioz, ez dira beharrezkoak diren lanpostu guztiak ateratzen.
-Pribatizazio eta lanpostu amortizazioak lehenesten dira.

Gaineratu du, azken aldian hainbat eremuetan arazoak izaten ari direla deialdi publikoen kudeaketan; “aipatu gabe doaz Osakidetzan egondako egoera eskandalagarriak”. Gainontzeko sektoreetan langileek pairatu behar izan duten egoera ere izan du hizpide Berasategik. Batetik, gardentasun falta ematen da deialdiaren hainbat faseetan; epai mahaiaren osaketa, azterketak zuzentzeko irizpideak eta deialdia bere osotasunean hartuta kudeaketa amaigabea bilakatzen da. Bestetik, langileei ezinegona eta estresa probokatzen zaie; lanpostuaren ezaugarriekin loturarik ez daukaten frogak planteatzen dira eta gaitegien prestaketan negozio pribatuen interesak sustatzen dira.

Hori gutxi balitz, salatu du azterketak euskaraz egiteko sekulako trabak planteatzen dira. Ondorioz, hauek dira, Berasategiren arabera, egungo EPE ereduaren ezaugarriak, klientelista, prekarietatearekin bukatzeko balio ez duena eta iluna eta interes pribatuen menpekoa.

Deialdiak arautzeko gaitasuna garatu beharra azpimarratu du LABeko Zerbitzu Publikoen Federazioko arduradunak, gaitasun legegile osoa aldarrikatuz, eta deialdiak negoziatuak eta adostuak izan behar direla, horrela prekarietatarekin amaitzeko.

Bego Aranzasti Osakidetzako arduradunak adierazi du Osakidetzan gertatzen ari diren gauza guztiek, argi uzten dutela indarrean dagoen EPE ereduko gardentasun eza. Urteetan zehar, opakutasun honek mediku espezialisten artean filtrazioak baimendu ditu.

Gaineratu du, “LABek aldarrikatzen duen EPE eredu berrian, nahitaez egon beharko diren hiru kontzeptu azpimarratu nahi ditugu: epai-mahaien gardetasuna, froga objektiboak eta gaitegiak administrazioak argitaratzea.

Irakaskuntzako arduradun Maider Izagirrek, bere aldetik, garrantzia eman dio egungo ereduaren inguruan egiten dugun balorazioari, eredu berrien eraikuntzan zer nahi ez dugun argitzea ezinbestekoa delako. Hala, iazko Lan Eskaintza Publikoa kontutan hartuta, honako ondorio hauek zerrendatu ditu:

-Irakasle erdiak baino gehiagok ez du lehen proba gainditu, gehienak iada irakasle gisara lanean dabiltzanak.

-Plazen %30a gutxi gora behera bete gabe gelditu zen, 300 bat langilek egonkortu gabe jarraitu dutelarik.

-Eredua ez da baliagarria irakasleak hautatzeko, eredu propioa behar dugu Madrildik arautzen den eredu honi aurre egiteko.

Egoera ikusita, LABetik proposatzen dugun eredua honakoa da:

-Kolektibo desberdinetako plantilaren ezaugarriak/profila kontutan hartzea prozesua diseinatzerakoan.

-Bitarteko langileen tasa jaitsi arte esperientzia baloratzen duten deialdiak. Gaur egun arte idatzizko froga memoristikoak gehiegizko pisua baitu. Idatzizko froga baztertzailea da eta ez du balio irakasleen gaitasunak baloratzeko.

-Lanpostuei lotutako frogak izan behar dute.

-Zuzenketak egiteko irizpideak ezagunak izatea, eta azterketak burutu ondoren erreklamazioen bidez azterketak ikusteko aukera izatea.

-Egutegiak birmoldatzea, egun erabiltzen diren tenpusak oso estuak direlako.

-Gaitegiei dagokionez, egun erabiltzen direnak, estatuko legedi zaharrean oinarrituak egoteaz gain, erdara hutsez argitaratzen dira.

-Epaimahaietan aritzen diren irakasleen baldintzak hobetzea: datak, orduak, ordezkoak…

Astelehenean Hezkuntza Sailarekin izandako mahai teknikoan administrazioak egindako proposamen berriaren nondik norakoei dagokionez, Maider Izagirrek esan du proposamen berriak ez duela sindikatuak aldarrikatzen duen norabidean urratsik suposatzen, “ez eredu aldaketari dagokionez, ezta langileen kontsolidazioari dagokionez ere. Gainera, ez zaigu onargarria iruditzen planteatzen den saritze horrekin sor daitekeen egoera, oposaketetan derrigorrez parte hartzea ekar dezakeelako. LABek ez du babestuko mahaian gainean dagoen proposamena, eta eredu berri baten lanean lanean jarraituko du”.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lantokietako indarkeria matxistari aurre egiteko politika eraginkorrak exijitu ditugu

Horretarako, eskari bana erregistratu dugu EAEko zein Nafarroako lan ikuskaritzetan eta mobilizazioak ere egin ditugu Gasteizen eta Iruñean.

Munduko Federazio Sindikaleko Gazteen 4. Kongresuan parte hartu dugu

LAB sindikatuak Munduko Federazio Sindikalaren (MFS) Langile Gazteen 4. Kongresuan parte hartu du, azaroaren 22tik 23ra, Marseillan. "Gazte langile antolatuak eta militanteak, lan eta bizitza duin baten alde" lelopean, Kongresuak kontinente guztietako 29 herrialdetatik etorritako 45 sindikatutako ordezkariak bildu ditu.

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.