Eskola Kontseiluari igorritako materiala aztertu ondoren, LAB sindikatuak egitasmo hori bertan behera uzteko eskatu du, honako arrazoi hauetan oinarrituta:
1. Unitate didaktikoa faltsukeria batean oinarritzen da. Izan ere, 1960 eta 2018 urte bitarteko epealdi historikoa aztertzea omen da bere helburua, baina ez da horrelakorik egiten. Epealdi horretako gertakari asko eta asko gainetik bakarrik aipatzen dira: bigarren industrializazioa, langile mugimenduaren olatu berria, euskara batua, Ez Dok Amairu eta abar luze bat. Unitate didaktikoak ETAren jardun armatuan sakontzen du eta, bigarren maila batean, talde parapolizialen eta estatuaren bortizkeriaren kontakizun motzegia egiten du. Azken batean, epealdi historiko bat landu baino, benetan LOMCEk ezarritako helburu bati erantzuten dio unitate didaktikoak, alegia, “terrorismoaren deslegitimazioa” egiteari. Ez da beraz Euskal Herritik egindako gogoeta etiko eta historiko baten ondorio, baizik eta PP-ren Gobernu batek ezarritako katezismo berria egokitzeko ariketa.
2. Jendartearen ordezkariak ez dira (ez gara) gai izan, gaur gaurkoz, Euskal Herriak bizi izan duen gatazka armatuaren inguruko errelato desberdinak barne bilduko duen orume komun bat eratzeko. Esango genuke, gainera, euren burua gatazkaren “garaile” irudikatzen duten horiek direla zubiak eraikitzeko inolako ahaleginik egin ez dutenak. Eta gabezi sakon hori bere horretan dagoela ikasgeletara errelato jakin bat (“garaile”ena, hain zuzen ere) eramatea arduragabekeria galanta da.
3. 1960 eta 2018 urte bitarteko epealdiaz hitz egiten da itxitako garai historiko bat balitz bezala. Zalantzazkoa da horren gertu dagoen epealdi baten inguruko historia egin eta irakastearen kontzeptua bera, ez baitago horretarako nahikoa perspektiba historikorik. Baina gainera, garai historiko hori ez dago itxita, gatazkaren ondorioak ez baitaude konponduta ez eta konponbidean: ehunka preso sakabanatuta daude, salbuespenezko legedi baten pean; Espainiako Gobernuak ez du eragindako minaren inguruko gogoetarik egin; torturatuak eta Estatuak hildakoak bigarren mailako biktimatzat dira hartuak. Ikastetxeetako bisitetan Estatuaren biktimetako batzuk parte hartzeak ez du arazoa konpontzen. Zer sentituko du motxiladun ume batek, klasean gatazkari buruz itxitako garai historiko bat bailitzan hitz egiten badiote? Zer, torturatu baten edota biktimatzat aitortu gabeko baten seme-alabak?
Unitate didaktikoak ikuspegi etiko batean omen du oinarri, baina ikasgeletan egoera erabat bidegabeak sor ditzake.
Honekin guztiarekin ez dugu esan nahi hezkuntza esparruan gatazkari dagokionez urratsak eman behar ez direnik. Aitzitik, hezkuntza komunitateak ekarpena egin dezake memoriaren eta elkarbizitzaren norabidean, esparru politikoan egon litezkeen urratsen zain egon gabe.
Baina horretarako hezkuntza komunitatearen baitako lanketa zabal eta sakona beharko litzateke. Azken batean, hezkuntza komunitatean oro har, eta zehazki hezitzaileen artean, gatazkari dagokionez jarrera desberdinak izan dituzten eta bizipen/errelato desberdinak dituzten pertsonak daude. Horien guztien arteko elkarrizketa bat jarri beharko luke martxan Hezkuntza Sailak, elkarren arteko zubiak eraiki eta ariketa zintzo bat egiteko. Prozesu horren ondorio gisa jaiotako hezkuntza materialak (aipatutako arrazoiengatik Historia irakasgaiaren mugak gaindituko lituzkeenak) bai izango lukeela balio hezitzailea.
Horren ordez, Eusko Jaurlaritzak aditu talde bat bildu eta material itxia aurkeztu dio Eskola Kontseiluari, ekarpenak egiteko hiru asteko epe murritza emanez. Horrela ez dira egiten gauzak eta gutxiago euskal jendartearentzat hainbeste min eta zatiketa eragin duen auzian.