2024-11-22
HomeIndustriaFederazioaAzken hilabeteetan, borrokaren bitartez, 73 akordio lortu ditugu industriako lantokietan enplegua duintzeko

Azken hilabeteetan, borrokaren bitartez, 73 akordio lortu ditugu industriako lantokietan enplegua duintzeko


LABek agerraldi bat egin du gaur, Bilbon, industriaren egoeraren inguruan. Sindikatuak sektorean azken hilabeteetan egindako ekintza sindikalaren eta hauteskunde sindikaletako emaitza esanguratsuen berri eman du bertan, Garbiñe Aranburu idazkari nagusi eta Eulate Zilonizaurrekoetxea Industria Federazioko idazkariaren eskutik.  


“Garai zailak langileontzat, baita industrian ere. Ez da bidezkoa dagoen aberastasun mailarekin lan munduan langileek pairatu behar dituzten hainbat egoera bizi behar izatea”.

Garbiñe Aranbururen hitzak dira horiek, gaur egindako agerraldian esandakoak. LABeko idazkari nagusiak nabarmendu du sindikalgintza inoiz baino beharrezkoagoa dela, baina ez edozein sindikalgintza. Sistemak negoziazio kolektiboaren muga estuetan eta elkarrizketa sozialeko mahai antzuetan nahi gaituela kateatuta adierazi du, eta horrela ez dagoela lan mundua eraldatzerik. “Horregatik, kontrabotere sindikalgintzaren aldeko apustuan berresten gara”, esan du.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “LABen eredu sindikala berritzea erabaki genuen, aitzindariak izan gara sindikalgintzan horrelako eztabaida bat egiten. Ekintza sindikal klasikoaren topeak gainditu eta eraginkorragoak izatea erabaki genuen. Federazioz federazio erabaki hori praktikan gauzatzen ari gara, baita Industrian ere. Enpresaz enpresa langileak antolatzeari ekin diogu, gako nagusia, lantokietako borrokak indartzeko gaitasuna izatea delako. Lantokietan egindako lanaren ondorioz, aldarrikapenak akordio bilakatzeko gai izan gara. Akordio horiei esker langileek euren lan baldintzak hobetu ahal izan dituzte. 73 akordio lortu ditugu industriako lantokietan”.

Greba, tresna nagusia
LABeko ordezkariek azpimarratu dute greba dela langileok borrokarako dugun tresna nagusiena. Hala, azaldu dute sindikatuak bi premisa nagusiren arabera antolatzen dituela borrokak:

-Patronalak langileoi dagokiguna aitortzeko borroka egin behar dugu. Patronalak, berez, ez du ezer ematen. Patronalari ahalik eta kostu sozial eta ekonomiko handiena eragin behar zaio

-Langileei ahalik eta onura handienak emango dizkien borrokak piztea da gure helburua.

Akordio horiek erdiesteko industriako 41 enpresatan greba edo lanuzte deialdiak izan dira, enpresa handi edo txikiak, egun osokoak edo partzialak, greba luzeak edo motzak.

LABek sinaturiko akordioek gutxieneko batzuk jasotzen dituzte: atzerapauso berririk ez, azken urteetan galdutako eros ahalmena berreskuratu eta KPIaren erreferentzia kontuan izango duen soldata igoera eta lan erreformari aurre egiteko klausulak.

Gutxieneko horiekin batera prekarizazio prozesuari aurre egiteko neurri desberdinak jasotzen dituzten akordioak sinatu ditugu.

LAB hitza eta ekintza delako, jarraitu egingo dugu lantokietan prekarizazio prozesuari mugak jartzen eta ziur gaude hauteskunde sindikalen garai honetan geroz eta gehiago izango direla LAB proiektuarekin bat egingo duten langileak.

Hona hemen gai desberdinetan gauzatutako borroka eta lortutako lorpenetako batzuk:

EMAKUMEEK INDUSTRIAN BIZI DUTEN BAZTERKETA ESTRUKTURALA SALATU DUGU

Soldata arrakalaren kontra borrokatzeko inkestak lantokietan

Kontratazioan ematen den diskriminazioarekin amaitzeko akordioak. Aipagarria Kybsen lorturiko akordioa. Kontratazioen erdia emakumeak izateko konpromisoa

LANETIK ETXERA BIZIRIK ETA OSASUNTSU BUELTATZEKO ESKUBIDEA BERMATZEKO AKORDIOAK 

Aurten jada, 64 langile hil dira lan istripuz. GSHydron, Jeman, Solidus San Andres enpresetako langileen osasuna babesteko akordioak lortu ditugu.

AZPIKONTRATAK

Azpikontrata eta ABLE-tako langileen lan baldintza, soldata eta egoerak ere enpresa nagusiko langileekin batera garrantzia dutela aldarrikatu dugu. Gero eta gehiago dira ABLEak eta azpikontratazioa mugatu edota debekatzen duten enpresa hitzarmenak, edota enpresa nagusiko langileak azpikontratetako langileen defentsan mobilizatu izana. CAFen, hainbat lanpostuen errebertsioa lortu zuten langileek lanuzteen bidez. Gamesa Aoizen ABLEak mugatu ditugu, edo Forjas Iraetan lehen oinarria jarri dugu gutxieneko 1.500 euroko soldata lortzeko.

DISKRIMINAZIO IDEOLOGIKO ETA SINDIKALARI AURRE EGITEKO PROPOSAMENAK

Kontratazio proposamen gardenak aldarrikatu ditugu; Volkswagenen edo Mercedesen, adibidez.

ENPLEGUA MANTENTZEKO AKORDIOAK

Badira lanaldi murrizketa jasotzen duten akordioak, Arcelor Olaberriakoa, Bruss edo OWLn bezala. Badira etorkizuneko kaleratzeak ekiditeko enplegu bermea jasotzen duten akordioak, Teknikerren edo Kauxoten lortutakoa bezala. Eta badira errelebu kontratua jasotzen duten kontratuak, SNA Europen bezala.

DESLOKALIZAZIOARI AURRE EGITEKO BORROKA

Multinazionalen deslokalizaizo mehatxuen aurrean, proiektu industrialen defentsarako eta enpleguaren defentsarako aldarrikapenak egitera eraman gaitu, Gasteizko BSHko borrokan egin dugun bezala.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.