2024-07-22
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaNegoziazio prozesu erreala martxan jartzea premiazkoa da Osakidetzan

Negoziazio prozesu erreala martxan jartzea premiazkoa da Osakidetzan

Gaur Osakidetzako Mahai Sektorialeko batzarrean ez da ezer negoziatu, aspalditik ohitura bihurtu dena.

Osakidetzako zuzendaritzak gaurko bilera erabili du, gai batzuen gainean aldebakarrez erabaki dutena sindikatuoi jakinarazteko. Gai horietako asko garrantzi handikoak izanik ere, sindikatuok ez dugu aukerarik izan hartzen diren erabakien parte izateko. Honen adibidea Onkologikoa dugu: publifikazioa ziurtatzen ez duen prozedura ekarri digute, baina tartean ez da inolako informaziorik egon, ezta eztabaidarik ere, ez gurekin, ezta jendartearekin ere. Azken finean, ekarpenak egiteko aukera antzerki hutsa baino ez da, aurretiaz Osakidetzak ebatzi duen horretan inolako eraginik ez daukana.

Mahai sektorial honetan LABek jarrera argia erakutsi du: premiazkoa da negoziazio prozesua erreala abian jartzea. Esate baterako, Hitzarmen berria negoziatzeko ordua da, bere osotasunean, ez soilik baimen eta lizentzien atala, Osakidetzak nahi duen bezala. Bestaldetik, Onkologikoaren inguruko eztabaida demokratikoa abian jartzea derrigorrezkoa jotzen dugu. Era berean, erantzun negoziatuak behar ditugu beste gai batzuetan ere: zer gertatuko den Garapen Profesionalarekin, zelan berreskuratuko dugun urte hauetan guztietan galdutako eros-ahalmena (soldataren %13,3 koa); zein EPE eredu berria behar dugun, etab. LABek gai hauen inguruko ekarpen zehatzak helaraziko dizkio Osakidetzari, baina beti ere negoziazio prozesu baten barruan. Adibidez, erosmen-ahalmena berreskuratzeko urteko %4,5eko soldata igoera planteatu dugu Mahai Orokorrean, guztiz bideragarria dena. Halaber, 10 urte beranduago heltzen den Berdintasun Plana aurrera ateratzeko nahitaezkoak izan dira LABen ekarpenak eta bultzada.

Bestaldetik, pozteko da kendutako eskubide oso garrantzitsu bat berreskuratu dugula langileok mobilizazioaren bitartez: irailetik aurrera, edozein baja egoeratan soldataren %100 kobratuko dugu berriro langileok. Hori bai, ardura falta leporatu diogu Osakidetzari, gaur arte ez dielako langileei honen gaineko informazio ofizialik helarazi.

Amaitzeko, Larrialdietako langileen mobilizazioek lortu dute Osakidetzak gai-ordenean sartzea euren negoziazio eskaera. Osakidetzak negoziazio proposamena mahai gainean jarri izana modu positiboan baloratzen dugu, nahiz eta bertan ez jaso langileok aldarrikaturiko puntu guztiak. LABek eskatzen duena zera da: Osakidetzaren proposamena abiapuntu hartuta, denbora luzean eskatu dugun benetako negoziazio prozesua irekitzea Osakidetzako zuzendaritza eta Larrialdietako Pertsonal Batzordearen artean.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABeko kideak Mugak Zabaltzen karabanan

Balkanetara eginiko Mugak Zabaltzen karabanan parte hartu dute aurten ere sindikatuko hainbat afiliatuk. Ekimen horren helburua da salatzea Europa insolidario honek armak saltzen dituela eta bere mugak militarizatzen dituela.

Esparru propioa sendotu dute kurtso honetan LABek sustatutako ia 200 borroka sindikalek

Gorantz egin dute enpresetako gatazkek eta irekitako 10 borrokatik 4 itxita daude, eduki anitzagoekin.

Langileen aldeko politikak bultzatzeko eta zerbitzu publikoak hobetzeko eskatu diogu Pradales Lehendakariari

Osakidetzan langileen gehiengorik gabe herri itunik ez dela posible izango ohartarazi diogu.