2024-07-04
HomeEkintza SozialaLangabeziaren jaitsiera fikzio hutsa da hirugarren hiruhilekoan: Hego Euskal Herrian, 7.400 enplegu...

Langabeziaren jaitsiera fikzio hutsa da hirugarren hiruhilekoan: Hego Euskal Herrian, 7.400 enplegu neto suntsitu dituzte

Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, hirugarren hiruhilekoari dagokionez, lan okupazioa Hego Euskal Herrian 1.205.300 pertsona kopurura jaitsi da, hau da, aurreko hiruhilekoan baino 7.400 gutxiagora.

Egoera profesionalei dagokienez, bere kabuz lan egiten dutenen (-5.200) eta sektore pribatuan soldatapean ari direnen (-5.500) artean izan du eragin gehien enpleguaren galerak. Beste kolektibo batzuetan egondako hobekuntza txikia ez da nahikoa izan galera orekatzeko.

Gainera, emakumeak kolpatu ditu bereziki enpleguaren bilakaera ezkorrak, kopuru netoei erreparatuta, emakumeen okupazioa %2,6 jaitsi baita hiru hilabetetan. Honek esan nahi du, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, 15.400 emakume gutxiago daudela soldatapeko lan batekin.

Biztanleria aktiboaren jaitsiera nabarmenak mozorrotu du lan merkatuak hartutako zorigaiztoko bidea. Hain zuzen ere, enplegua modu aktiboan bilatzen ari ziren pertsona askok eta askok bilaketari uko egin diotelako eman da langabeziaren jaitsiera; honek mozorrotu du okupazioaren jaitsiera.

Soldatapeko biztanleriaren artean dagoen behin behinekotasun tasari dagokionez, besteentzako lan egiten duten lau pertsonetatik bati eragiten dio gaur egun, baina, emakumeen kasuan, kopuru hori handiagoa da; %27,4koa, hain justu.

Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, soldatapeko biztanleriak 26.600 pertsonetan egin du gora azken urtean, baina soldatapeko hamar enpleguetatik zazpi behin behinekoak dira.

Prekarietatea eta prekarietatearen gehiegizko erabilera enpresen estrategia bilakatuta da, lan kostuak merketzeko eta malgutasun gehiago izateko lan taldeak egokitzeko orduan. Hori kontutan hartuta ulertzen da zergatik Hego Euskal Herrian langabezia eta enplegu prekarioen artean 385.000 pertsona dauden harrapatuta, behin behineko kontratu ezegonkorren eta langabeziaren artean, edo langabe egoera kronikoan.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Amurrio Ferrocarril y Equipos-en ez dugu kaleratzerik onartzen

Ekainaren 5ean, 57 urteko langile bat kaleratu zuten Amurrio Ferrocarril y Equipos-en. Enpresa Batzordetik kaleratzea publikoki salatu nahi dugu eta baita aurretik gertaturiko egoera ere, erabat hausten baitituzte batzordearen eta enpresaren arteko harremanean ulertzen diren protokoloak.

Nafarroako Garbiketa sektoreko hitzarmenaren aurreakordioa sinatu dugu, bizitzaren kostuaren gaineko soldata igoerak jasotzen dituena

LAB eta CCOO sindikatuok –ordezkaritzaren %60 baino gehiago osatzen baitugu– Nafarroako Garbiketako hitzarmena berritzeko aurreakordioa sinatu dugu sektoreko patronalekin. LABen hitzarmen hori sinatuko dugu, azken 11 urteetako dinamika atzerakoiari buelta ematea lortu delako: hitzarmen berriak soldaten igoeretarako KPIaren erreferentzia berreskuratzen du (gehi puntu bateko diferentziala), urteko lanaldian orduen jaitsiera barne hartzen du, eta lanaldiak luzatzeko irizpide argi eta objektibo bat ezartzen du.

Deskarbonizazioa enplegua suntsitzeko aitzakia gisa erabiltzen ari den honetan, benetako trantsizio ekosozialaren alde egiten dugu

Greba mugagabean hainbat egun daramaten Cementos Rezolako langileen mobilizazioetan parte hartu du sindikatuko koordinatzaile orokor Garbiñe Aranburuk, eta azpimarratu du industriaren birmoldaketak langileen parte-hartzea izan behar duela oinarri. Bihar, osteguna, Cementos Rezolaren Arrigorriagako lantegira eramango dute protesta Añorgako langileek.