2024-11-22
HomeIndustriaMetalgintzaDieselaren iruzurrak kaleratzeak ekarri eta prekarietatea areagotu dezakeela ohartarazi dugu

Dieselaren iruzurrak kaleratzeak ekarri eta prekarietatea areagotu dezakeela ohartarazi dugu

LAB sindikatuak prentsaurrekoa eman du gaur Iruñean dieselaren iruzur berriaren inguruan. LABeko Industria federazioko kide Maider Caminos eta Zorion Ortigosak azaldu dute dieselaren iruzur berriak kaleratzeak eta prekarietate gehiago ekartzen ahal dituela, eta diru publikoa esku pribatuetara eraman dezakeela. Esplikatu dute zein egoeratan dauden eta zer ondorio egon daitezkeen Volkswagen eta Mercedes enpresa handietan eta haien inguruko gerrikoetan, eta langileei dei egin diete dieselaren iruzurraren kontra mobiliza daitezen. Prentsaurrekoan, iruzur honek kalteturiko 25 enpresa egon dira ordezkatuta.

Maider Caminosen hitzartzea, LABeko Industria Federazioko arduraduna Nafarroan:

Eskariaren egokitzapenaren aurrean (gasolina motorren salmentaren hazkundea eta diesel motorren salmentaren beherakada), langileak babestu beharrean, enpresariak horrelako neurriak hartzen ari dira: lan baldintzen malgutasuna, ebentualen kaleratzea, ERTEak, presioak lan erritmoak bizitzeko…

Gogoratu nahi dugu lan kargak, eskariak eta ekoizpen erritmoak Euskal Herrian inoiz egondako altuenak direla. Ez dago murrizketetarako inolako aitzakiarik.

Landabenen, Volkswagenek, 2018rako 297.000 auto egiteko aurreikuspena zuen. Irailean aplikatu zuen ERTE-aren eraginez, kopuru hori 285.000ra jaitsi da eta horri datozen asteetan enpresak iragarri dituen 7 itxiera eguneko galera gehitu behar zaio. Neurri horien erantzulea VW Nafarroa da, motor falta dela-eta aurreikusia zuen eszenatoki honetarako antolakuntza falta izugarria erakutsi duelako. Azkenean, langileak izanen dira kaltetu bakarrak. Datorren urterako T-Cross modeloa martxan jartzearekin, 340.000 auto egiteko aurreikuspena dago, inoizko kopuru handienetik oso gertu (353.000, 2011n). Egun VWk duen malgutasuna ikusita, 375.000 auto egitera irits daitezke. Gainera, ezin ahaztu, enpresa hornitzaileetako zein azpikontratetako langileek bizi duten ezegonkortasun egoera, egun, guztiek ERTE neurria abendua bitarte ezartzeko aukera dutelarik.

Gasteizen Mercedesek duen lantokian, aurrikuspena da 147.000 ibilgailu egitea, inoiz egindako kopuru altuena baino 3.000 gutxiago bakarrik. Datorren urterako aurrikuspena, 154.000 ibilgailu egitea da, inoiz Gasteizen egindako kopuru altuena. Hala ere, gaueko txanda kendu dute urte amaierarako eta egun batzuetan ekoizpena gelditu dute. Ebentualak kaleratzen hasi dira. Hiru hornitzaile nagusien artean ere malgutasuna eta kaleratzeak egiten hasi dira. Lan karga badago lanaren antolaketa arrunta egiteko. Ez dago langilerik soberan, ez dago murrizketak egiteko arrazoirik.

Baina ondorioak zuzenean Volkswagenen lan egiten duten 10.000 langileetatik haratago doaz: kontuan izan behar dugu lantegi hauek, ekoizpena baino osagaiak muntatzen dituzte, beraz, ibilgailuen balioaren %75a lantoki horietatik kanpo sortzen da.

Honek suposatzen du, altzairugintza, trokelgintza, industria kimikoa, industria elektrikoa, matrizeriak eta beiraren industria sektoreetan eragin zuzena duela lantegi nagusi horietan gertatzen denak. Gutxienez 60.000 langile daude zuzenean lotuta automobilgintza sektorearekin.

Zorion Ortigosaren hitzartzea, LABeko Industria federazioko kidea:

Urteetan dieselaren kontsumoa bultzatu duten arren, eta gaur egungo dieselek gutxiago kutsatzen duten arren, orain motor dieselen salmenta jaistea erabaki dute.

Onartezina da interes ekonomiko partikularrak langileen eskubideen kontura aberastea. Baina gainera, bi aldiz izango dira kaltetuak langile gehienak, langile moduan eta kontsumitzaile bezala ere bai, emango den zerga igoera jasan beharko baitute.

Automobilgintza sektoreko lobbie boteretsuek argi dute bidea: helburua irabaziak handitzea da, enpresa nagusietatik azkeneko hornitzailera. Baina gainera gure iritziz jokaldia biribiltzeko diru-laguntzak lortzeko helburuarekin ari dira.

Ez dago inolako oztoporik egungo instalazioak auto eskaerara egokitzeko. Eta ez da egia lan karga falta dagoela: Volkswagen eta Mercedesen inoizko aurrikuspen handienak dituzte.

Hortaz, Volkswagen eta Mercedes bi multinazionalei exijitzen diegu lan eskubideen murrizketak alde batera uzteko. Ez dute inolako arrazoi objektiborik horrelakorik egiteko.

Diesel motorren iruzurra errudunik gabe, diru publikoa jasota eta langileek ondorioak ordainduta konpondu zen bezala, orain beste iruzur bat gauzatu nahi dute. Eta oraingo iruzur hau betikoek ordaintzea nahi dute, automobilgintza sektoreko balio kate osoko langileek.

Patronalak piztutako polemika baliatu nahi du bere benetako helburua lortzeko, hau da, diru publikoa esku pribatuetara pasatzea, gobernuen diru-laguntzak eta laguntzak eskuratuz. Horretarako ari dira langileak erabiltzen, inolako gupidarik gabe, iruzur berri bat, dieselaren iruzur berria egiteko. Iruzur hau gainera, instituzioen laguntzarekin egin nahi dute.

Instituzioek askotan saritzen dituzte eta eredu bezala jarri enpresa hauek. Bada, LABek diru publikoa arduraz erabiltzeko deia egiten die instituzioei. Multinazionalekiko menpekotasunak hauek eskubideak murrizteko aukerak biderkatzea ekartzen baitu.

Zehazki, Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari exijitzen diegu neurri hauek izango duten kalteagatik gizartearentzat, neurri hauen kontra egitea era aktiboan, zehazki aurkeztu dezaketen edozein ERE ez onartuz.

Iruzur honi aurre egiteko, LABek lantokiz lantoki dieselaren iruzurrak eragin zuzena izan dezakeen lantokietan langileak mobilizatzeko deia egiten du. Lantoki bakoitzeko langile batasuna ezinbestekoa izango da iruzur berri honi aurre egiteko.

LABen hasi gara mobilizatzen. Duela bi aste Gasteizen egin genuen eta bihar, ostegunarekin, Landabenen egingo dugu, Volkswageneko ate nagusian, 10:00etan.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.