2024-11-23
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaKontziliazio politikak oraindik ere emakumeon kontura egiten dira eta Aldundiek, gainera, egoera...

Kontziliazio politikak oraindik ere emakumeon kontura egiten dira eta Aldundiek, gainera, egoera hauek areagotu egiten dituzte

Aste honetan Auzitegi Gorenak Gizarte-Segurantzatik jasotako amatasun prestazioak PFEZetako ordainketatik salbuetsita daudela deklaratu du. Foru Ogasunek, Estatuko erabakiei lotu gabe, beren erabaki propioak hartzeko burujabetza izan behar dutela uste dugu. Hori esanda, era berean, bizitza erdigunean kokatuko duen eredua aldarrikatzen dugu. Zaintza lanak zentrora ekartzeaz ari gara. Hau da, lan hauek modu korresponsable batean aurrera eraman daitezen neurriak hartzeaz, benetako kontziliazio neurriak bultzatzeaz. Ildo horretatik, Foru Ogasunei eskatzen diegu zaintza lanei aurre egiteko ezarriak dauden prestazioetan erretenitutako dirua itzuli dezaten. Ogasunek erabaki hau hartu ezean zilegi iruditzen zaigu horrelako prestazioa jaso izan duten pertsonek erreklamazioa Ogasunei bideratzea, eta LABetik horrela egin dezaten aholkatu diegu gure afiliatuei.

Sententziak atzeraeraginezko izaera du baina denbora muga du. Honela, 2014tik amatasun-bajan egondako pertsona guztiek bere prestazioetako PFEZagatik ordaindu zutena itzultzea eska dezakete. Honek 2014, 2015, 2016 eta 2017ko Errentaren aitorpenak, eska daitezkeela esan nahi du.

Hala ere, eta ebazpena tarteko sortu den eztabaidak, gogoeta sakonago batera garamatza: Kontziliazio politikak oraindik ere emakumeon kontura egiten dira eta Aldundiek, gainera, egoera hauek areagotu egiten dituzte.

Aldundien jarrerak salatzearekin batera, sakoneko gogoetari heldu behar zaio: egoerari buelta emateko erabaki politikoak behar dira. Ez da serioa gaur egun gobernuek “berdintasunaren” aldeko politikak lehentasuna direla esan eta sententzia baten zain egon behar izatea emakumeon eskubideak zeintzuk diren edo ez jakiteko. Ez da serioa erantzukidetasunerako neurri eraginkorrik ez eta kontziliaziorako neurriak egun batetik bestera aldatzen ibiltzea.

Emakumeon eskubideak, dirua eta denbora ez daude salgai. Emakumeak erreklamazioa sartu ala ez, epaileak onartzen duen ala ez… erabakiak eta azken emaitza ezin dute urrats edo faktore horien araberakoak izan, ezta momentu politiko bakoitzean balantzak hartze duen pisuaren arabera ere. Berdintasunaren aldeko politikak ez dira epaitegietatik etorriko, benetako erabaki politikoak behar dira eta eskatzen ditugu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.