2024-11-22
HomeZerbitzu PribatuakMerkataritzaGipuzkoako DIA%ko langileek egun osoko greba egingo dute urriaren 11n

Gipuzkoako DIA%ko langileek egun osoko greba egingo dute urriaren 11n

Gipuzkoako DIA%ko enpresa komiteak deituta, mobilizazio eguna egingo dute urriaren 11n, pairatzen duten esplotazioaren aurrean aski da esateko unea dela iritzita. Hain zuzen ere, egun horretan greba eguna egiteaz gain, elkarretaratze batera deitu dute 12:30erako, Donostiako Artzain Onean. Honen guztiaren berri gaur eman dute, agerraldi baten bitartez, Astigarragako DIA% dendaren aurrean.

Hauxe da gaurko agerraldian irakurri duten adierazpena:

Agerraldi honen bitartez, Gipuzkoako DIA% enpresako Langile Komiteko kideok, enpresan bizi dugun esplotazioa eta prekarietate erabatekoaren aurrean, datorren urriaren 11n egun osoko greba antolatuko dugula adierazi nahi dugu.

DIA%ko langileok denbora asko daramagu prekarietate egoera hau sufritzen. Langileak eta komitea bera, behin eta berriz, gutxietsi eta mespretxatuak gara enpresaren aldetik. Inolako aurre abisurik gabe aldaketak egiten dituzte, gure bizitzak gauetik goizera baldintzatuz. Gure lan zentroak aldatzen dituzte, askotan lekualdaketan kilometro asko egitera behartuz. Antolakuntza aldaketak maiz egiten dituzte, esate baterako ordutegienak, inolako aurre abisurik gabe eta gure bizitzak berriz antolatzera behartuz.

Langile falta nabarmena eta orokorra da DIA%ko dendetan. Honen ondorioz, egungo lan taldeko kideok dugun lan karga oso altua da. Eta honek zuzenean gure osasun fisiko zein psikologikoan eragiten du. Denda batzuetan 2 pertsona besterik ez daude lan guztiak aurrera ateratzeko: kaxari kasu egin, apalak berritu, garbitu… ezinezkoa da enpresak exijitzen dituen lan guztiak denboran eta behar den bezala aurrera ateratzea.

Kaleratzeak DIA% supermerkatuetako ohiko politika da. Berdin dio behin behinekoa izan edo 10 urte eraman enpresan, ezerk ez du bermatzen gure lanpostuan jarraitzea. Lankide asko kaleratuak izan dira gaixotasun bajan zeudela. Zehazki, udara honetan 12 langile izan dira kaleratuak. Gainera, kaleratzea hauek burofax bidez komunikatzen ditu enpresak.

Egoera erabat prekarioari azken ukitua emateko, DIA&GO denda formatua Euskal Herrira heldu da. Lehen denda Bizkaian ireki dute. Denda goizeko 8:30etik gaueko 23:00ak arte irekiko dute, langileen kontziliazio eskubidea urratuz. Denda eredu honen ezarpena erabateko sekretismoarekin egiten ari dira, benetan izango duen funtzionamendua eta langileengan izango duen eraginak irekiera baino egun batzuk lehenago azalduz.

Arrazoi hauengatik guztiengatik, eta enpresaren pasibotasuna ikusita, pauso bat aurrera ematea erabaki dugu eta Gipuzkoako DIA enpresako langile komiteak datorren urraren 11erako egun osoko greba deialdia egin dugu. Bizkaiko kideak ditugu eredu, greba deialdi ezberdinak eginda gogor jarraitzen dute borrokan. Honela bada, DIAko langile guztiei grebara batu eta urriaren 11n 12:30ean Donostiako Artzain Onean burutuko dugun elkarretaratzera gonbidatu nahi ditugu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.