2024-12-19
HomeLan Osasuna IdazkaritzaPrekarietatea HiltzaileaPrekarietateak eragiten duen odolustea salatu dugu

Prekarietateak eragiten duen odolustea salatu dugu

Euskal gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratze bat egin dugu gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, "Lan istripu gehiagorik ez, prekarietatea hiltzailea" leloarekin, eta LABeko Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko Xabier Ugartemendiak hartu du hitza. Aski da esateko garaia dela adierazi dugu, lan heriotzek gora egin duten honetan: "Lanetik bizirik bueltatzeko eskubidea dugu". Hain zuzen ere, 50 krabelin jarri ditugu gaurko mobilizazioan, krabelin bat Hego Euskal Herrian aurten hildako langile bakoitzeko. Nafarroan ere salatu ditugu lan heriotzak, hainbat lantegitan egindako protestekin, Iruñeako biharko manifestazioaren aurrekari.

Hauxe da gaurko elkarretaratzearen harira euskal gehiengo sindiklak egindako irakurketa:

2018-2019 ikasturtea hasi berria den honetan, Euskal Herrian lan-ezbeharren egoerak nabarmen okerrera egin duela salatu nahi dugu. Datuek diotenez, jarduera ekonomikoa eta langile kopurua baino gehiago hazten ari dira, eta dagoeneko 50 dira aurten hildakoak, hauetatik 34 Euskal Autonomi Erkidegoan eta 16 Nafarroan. Heriotz hauen guztien erdia azken hiru hilabeteetako epean eman da, eta horietako asko prekarietate egoera gordinean edo erraz ekidin zitezkeen gertaeretan. Honez gero, joan den urteko garai berean baino gehiago dira bere lanpostuan bizitza galdu duten pertsonak.

Laneko heriotzak bestalde, iceberg-aren tontorra baino ez dira. Lan-istripu asko eta asko estatistika ofizialetatik kanpo geratzen dira, autonomo, kooperatibista eta garraiolarienak, edo “in itinere”-ak kasu. Enpresariek askotan, mutualitateen laguntzaz eta ardurak saiheste aldera, lan-istripuak estali edo ezkutatzen dituzte. Besteetan berriz, ziurgabetasun egoeran dauden langileak dira gertakariak salatu ezin dituztenak.

Halaber, lan-gaixotasunen azpi-erregistroa eskandalagarria da. Iturri batzuen arabera, lan-istripuan hildako langile bakoitzeko 35 langile hiltzen dira lan-gaixotasunen ondorioz. EAEn aldiz, lanarekin lotutako 25 minbizi kasu soilik jaso dira azken bost urteetan, eta 2017an bakar bat ere ez. Ondorioz, argi dago datuak ez datozela inolaz ere errealitatearekin bat, zer esanik ez sektore feminizatuetan ematen diren eritasunei dagokienean.

Baina, zer ari da gertatzen?

1. Lan-harremanetan estrukturala bihurtu diren prekarietatea eta enpleguaren kalitate eskasa daude oinarrian: erreforma laboralak, lan-baldintzen atzerakada, aldi-baterakotasuna, kontratazio partzialak, gehiegizko lan erritmoak… Horrela, lan-istripuen erdia lehen bi hilabeteetan ematen dira, eta hildakoen herena azpikontratetan.

2. Lan osasunera bideratutako gastu publikoa oso urria da. Arlo honetara bideratutakoa EAEko aurrekontu osoaren %0,01 inguru besterik ez da, eta zati handi bat eragile sozial jakin batzuen arlo honetako jarduera bermatzera doa.

3. Erakunde publikoek beste aldera begiratzen dute. Ez dute enpresarien interesen aurka egin nahi, eta arau hausteak etengabeak izanik, ez dago behar adinako kontrol eta zigorrik. Lan-ikuskaritza eskualdatu zen arren, inspektoreen ratioa Europako bataz-bestekoaren erdia da oraindik ere. Gainera, enpresentzat askotan errentagarriagoa da isunak ordaintzea neurri eraginkorrak ezartzea baino.

4. Enpresariek haien irabaziak lehenesten dituzten heinean, lantokietako inbertsio falta erabatekoa da. Krisiaren aitzakian, segurtasun neurrietara bideratutakoa hutsaren hurrengoa izan ohi da. Langileon osasunaren kontura aberasten dira.

Zer eskatzen dugu?

1. Enplegu duina eta kalitatezkoa, etxera bizirik heltzeko eskubidea bermatuko duena. Erakunde publikoen ardura nagusienetakoa da hori, haien esparruan batez ere.

2. Lan osasun politikak errotik aldatzea. Eraginkortasun-eza frogatu duen elkar-hartze sozialarekin apurtu behar da, lan-osasunera bideratutako baliabide ekonomikoak handitu eta politika errealetara bideratu.

3. Enpresen gaineko kontrola areagotzea. Lan-istripu hilgarri gehienak harrapaketa edo erorketen ondorioz gertatzen dira. Jarduera arriskutsuen jarraipena egiteko ezinbestekoa da lan-ikuskaritza eta Osalan-go giza-baliabideak Europako bataz-bestekora berdintzea.

4. Lan-gaixotasunen gaineko iruzurra borrokatzea. Horretarako beharrezkoa da EAEn babes-sozialerako esparru propioa garatzea.

Mobilizazioak Nafarroan
Nafarroako hainbat enpresatan salatu ditugu gaur lan heriotzak, euskal gehiengo sindikalak deituta ere. Manifestazioa egingo dugu bihar, larunbatarekin, Iruñean. 18:30ean abiatuko da protesta autobus geltoki zaharretik, eta udaletxean amaituko da.

Hainbat lantokitan egin dituzte gaur protestak, Nafarroan; Volkswagenen, kasu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.

B&B Trends-ena da Gasteizko SDA Factory-ren itxieraren errua

Zuzendaritzak SDA Factory ixteko erabakia hartu du, lehengo Gasteizko BSH. Ia 50 urtetako historia duen enpresa honek Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean (ABEEE) pasatu ditu azken lau urteak.

Asteasuko Siemens Gamesako ABEEEaren eragina murriztu eta enplegua defendatzeko neurriak lortu ditugu

Hasteko, salatu nahi dugu enpresak negoziaketa talde mailan egin nahi izan duela, Asteasuko langileen ordezkaritza disolbatua eta eragin mugatuarekin zeogoen mahai negoziatzaile bat inposatuz. ABEEE luze eta gogorra nahi zuen enpresak langileentzat eta egoera honen aurrean, markoaren salaketaz gain, neurriaren eragina ahalik eta gehien murrizten saiatu da LAB.