2025-04-05
HomeEkintza SindikalaUste dugu "enpresa eredu inklusibo parte-hartzailea" ez legezko proposamenak ez gaituela prekarietatea...

Uste dugu “enpresa eredu inklusibo parte-hartzailea” ez legezko proposamenak ez gaituela prekarietatea eta patronalaren aldebakartasunetik aldentzen

Bihar, irailak 27, EAEko Legebiltzarrean “Enpresa eredu inklusibo parte-hartzailea” sustatzeari buruzko ez legezko proposamena eztabaidatuko dute.

LAB sindikatuaren iritziz proposamen honen abiapuntua bera ez da egokia. Egungo lan harreman eta enpresa eredua ez ditu auzitan jartzen, ez ditu kontuan hartzen azken urteetan inposaturiko lan erreformak eta horien ondorioak. Prekarizazioa legeztatu egin da eta enpresariei sekulako boterea eman zaie. Beraz, egun Euskal Herriko enpresetan dagoen eredua, parte-hartzailea eta inklusiboa den eredu baten guztiz kontrakoa da; hiru zutabe nagusi ditu: prekarietatea, negoziazio kolektiboaren ukazioa, eta patronalaren aldebakartasuna.

LABek enpresetan langileen partaidetza ekarriko lukeen eredu bat ondo ikusiko luke, beti ere era integral batean egingo balitz, hurrengo parametroei jarraituz:

1.- Langileek ere enpresek hartzen dituzten erabakietan era erreal batean parte hartzeko aukera izatea; langileen parte-hartzea ezin da mugatu informazioa jasotzera.
2.- Enpresaren irabaziak banatzerakoan langileak ere banaketa horren parte izatea, soldatetatik harago.
3.- Akzioen bidez langileen partaidetza enpresaren jabegoan kolektiboa izatea, hau da, langile guztiena, eta negoziazio kolektiboari lotuta.
4.- Inposatzen ari zaigun prekarietate, ukazio eta aldebakarreko eredutik aldentzea.

Parlamentuko plenoan eztabaidatuko den ez legezko proposamena ez da nahikoa sindikatu honentzat. LABek ezartzen dituen lehen bi parametroak betetzeko ez du inongo mekanismo bermatzailerik jartzen, hirugarren parametroa ez da betetzen (langileen partaidetza indibiduala planteatzen du), eta laugarrena ez du aipatzen.

Sinesten dugu Arizmendiarretaren Lagunen Elkarteak duen borondate ona eredu parte-hartzaile eta inklusibo bat sortu eta martxan jartzeko, eta aintzat hartzen dugu oraingo enpresa eredu ukatzaile eta aldebakarrekoa zalantzan jartzeko eztabaida ireki izana, baina uste dugu ez dagoela patronalik ez botere politikorik eredu hau sustatzeko, eredu hau inplementatzeko prest.

Patronalak prekarietatea hedatzea beste helbururik ez du, eta erakundeen babes osoa du saiakera horretan; bihar eztabaidatu eta onartu daitekeen proposamenak dituen gabeziak ikusita, prekarietatea hedatzen jarraitzeko erabili dezake, langileen zatiketa eta indibidualizazioan sakonduz.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

17. hildakoa 2025a hasi denetik Euskal Herrian, 10.a Nafarroan

Atzo, 55 urteko langile iruñear bat hil zen Agoitzen aldamiotik erorita. Tejados Aoiz enpresako langileak 10 metroko erorikoa izan zuen.

Langileen aldeko politika publikoen beharra partekatu du LABek EH Bildurekin

LABen eta EH Bilduren ordezkaritza banak, LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyo eta EH Bilduko EAEko Legebiltzarreko bozeramaile Pello Otxandiano buru, bilera izan dute gaur Donostian.

LABek salatu du Iruñeko alokairuko bizikleten zerbitzua kudeatzen duen enpresak atzerapenekin ordaintzen duela eta dagoeneko bi nomina oso zor dizkiela langileei

LAB sindikatuak salatu nahi du Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian daudela, sei hilabete baitaramatzate nominak berandu kobratzen eta egun enpresak bi nomina oso zor baitizkie. Lan baldintza duinak bermatuko dizkien eta zerbitzuaren jarraipena bermatuko duen berehalako irtenbidea eskatzen dute langileek.