Juana Ramirez mehatxatua zegoen, aurrekariek arriskua bistakoa egiten zuten. Ostiraleko erailketa eta Uztailean gertaturikoa Guatemalan bizi den zigorgabetasunaren isla dira zalantzarik gabe. Beste behin ere bertako emakume batek erruz ordaindu du eskubideen alde altxatzea eta emakume indigenei borrokarako bide bat eskaintzea.
LABetik gertatutakoa gogor salatu nahi dugu. Hemen eta munduan emakumeen erailketak eguneroko albiste izaten jarraitzen dutela berriro salatu nahi dugu. Eta kasu honetan arreta guztia Juana Ramirezen heriotzaren atzean dagoen konpromiso politikoan jarri nahi dugu. Isilik eta burumakur ez bizitzeko erabakia hartu zuen eta horregatik erail dute.
LABetik Juanaren senide eta lagunei gure elkartasun osoa helarazi nahi diegu eta nola ez, Guatemalan borrokan dauden emakume guztiei gure babes osoa. Lolita Chavezen eskutik bertan gertatzen denaren berri zuzenean jasotzeko aukera eduki genuen, bera ere mehatxatua. Zigorgabetasunarekin amaitzea guztion erantzukizuna delako, LABetik eskua zabaldu nahi diegu euren borrokan Euskal Herritik laguntzeko ere.