2024-11-24
HomeEkintza SindikalaErabakitzeko eskubidearen aitortza eta defentsa egiteko aukera galdua izan da lehendakariaren hitzaldia

Erabakitzeko eskubidearen aitortza eta defentsa egiteko aukera galdua izan da lehendakariaren hitzaldia

Gehiengo sozialaren aldarriei bizkar emanda, Iñigo Urkulluk euskal neoliberalen neurriko diskurtsoa egin du; patronala bezala, Urkullu ere esparru estatalaren menpe dago eroso.

Gaurkoan ere aukera galdua. Legebiltzarraren urteko jardunari hasiera ematen dion Politika Orokorreko Osoko Bilkuran ezinezkoa izan da Lehendakariaren ahotan “erabaki” eta “eskubidea” hitzak entzutea. Legebiltzarrak estatus politiko berri baterako oinarri eta printzipioak adostu dituenean, guztiz anakronikoa, garaiz kanpokoa suertatzen da oraindik ere Lehendakaria autonomia estatutuaren defentsara mugatzea. EAEko Autonomia Estatutuak hasieratik izan du hutsune estrukturala, hankamotz jaio zen. Ez du erabakitzeko eskubidea aitortzen eta enplegu eta babes sozial gaietan ez du ahalmen legegile osoa bermatzen. Ondorioz, azken hamarkadetan espainiar estatuan erabaki diren erreforma eta murrizketa guztiak inposatu zaizkigu, eta estatutik datorren prekarizazio prozesua ezarri digute. Eta hala ere, Lehendakariak temati jarraitzen du Autonomia Estatutuaren defentsan.

Menpekotasun politikoak pobretu egiten gaitu eta burujabetza ezak ahuldu. Autonomia Estatutua eguneratu ez, gainditu egin behar da. Estatus berri bat behar eta nahi dugu, eremu soziolaboralean eta sozioekonomokian ahalmen legegile osoa bermatuko diguna. Estatus berri bat, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eta esparru sozioekonomiko propioa eraikitzeko, aldaketa sozialaren bidean, euskal langileok dagozkigun gaietan erabaki dezagun.

Gehiengo sozialaren aldarrien defentsarik ez, erabakitzeko eskubiderik ere ez dugu entzun Lehendakariaren ahotan. Eta ozta-ozta entzun zaio Catalunyari buruz aritu denean. Presoen askatasuna aho txikiz eskatzerik ez dago. Catalunyarekiko ematen ari den basakeria juridiko eta politikoak erantzun irmoak eskatzen ditu. Orain urtebete Catalunyako herriak hitz egin zuen, eta estatuak Errepresioarekin erantzun ere bai. Han ere erabakitzeko eskubidearen ukazioan dago muina, eta gertatzen ari dena hizki larriz salatu beharra dago, ez ahopean pasa, diskurtso hutsal batean.

Urkullu esparru estatalaren menpe dago eroso, patronala bezala. Eta hain zuzen ere, haien euskal neoliberalen neurriko hitzaldia izan da gaurkoa. Gaur egun EAEn nagusi diren politika ekonomiko eta sozialen jarraipena iragartzeko diskurtsoa izan da, eta agerian geratu da Urkulluren exekutiboa norekin dagoen, patronalarekin eta elite ekonomikoarekin, ez euskal langileekin.

Krisi garaia baliatuz ezarri zizkiguten erreforma eta murrizketekin amaitzetik urrun, hazkunde ekonomikoko garaian ere austeritate neurrien defentsa egiten jarraitzen du Urkulluk. Ez dago austeritatearen defentsa egin eta aldi berean garapen eta kohesio sozialaz hitz egiterik. Austeritate neurriak, murrizketak eta erreforma desberdinak dira, justuki, gaurko jendartea eta etorkizuneko belaunaldiak baldintzatzen ari direnak, prekarietatearen aroa betikotuz. Kapitalaren eta bizitzaren arteko talkan, kapitalaren alde kokatu da berriro Lehendakaria.

Sortzen den aberastasuna banatzeko neurriak iragartzeko aukera ere galdu du gaurkoan. Prekarietatearen kontrako borrokari ere tokirik ez dio gorde Gobernu buruak kurtso politiko berriko agendan. Langabeziaren murrizketaz hitz egitera mugatu da, eztabaidaren muinari heldu gabe, sortzen den enpleguaren kalitatea, alegia. Prekarietatea geratzeko etorri da, baina prekarietatearekin amaitzeko neurri errealik ere ez.

Euskal jendartearen etorkizunari dagokionean enplegu gaietan ahalmen legegilea izatea eta gizarte segurantza eta babes sozialeko sistema propioa da bizimodu prekarioari aurre egiteko alternatiba, kalitatezko enplegua eta pentsio duinak bermatzeko politika erreal eta eraginkorrak eginez, lan-denborak murrizteko eta banatzeko benetako politikak aplikatuz, eta gizarte-zerbitzu publikoak garatuz, perntsonen lan eta bizi baldintzak hobetzeko. Hori lortu ezean, Euskal Herrian eskubide sozialak etengabe urratzen jarraituko da.

Politika erreal-eraginkorrak diogu, besteak beste, 1200 euroko gutxieneko soldata, 1080 euroko pentsioak, soldata-arrakalarekin amaitzeko neurri errealak, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak sustatutako babes sozialeko sistema publiko eta kalitatezkoaren aldeko Herri Ekimen Legegilea aintzat hartzea edota aurrekontu sozial, parte hartzaile eta burujabeei atea irekitzea, besteak bestea.

Eta, beraz, honaino iritsita, berriro bueltatzen gara hasierara. Hori guztia lortzeko nola egin? Erabakitzeko eskubidearen bidetik. Aurtengo kurtso politikoan askatu beharreko korapilo nagusienetakoa hor kokatzen du LABek.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.