2024-11-22
HomeZerbitzu PribatuakBestelakoakBi elkarretaratze egin ditugu Lizarran Irache taldearen beilatokietan bizi den egoera kaskarra...

Bi elkarretaratze egin ditugu Lizarran Irache taldearen beilatokietan bizi den egoera kaskarra salatzeko

Berriz ere, LAB sindikatua kalera atera da Irache taldeko langileek Estellerriko beilatokietan bizi duten egoera zailaren salaketa egiteko. Hala, langileek elkarretaratze bana egin dute gaur Lizarrako San Agustin eta Estella beilatokien aitzinean.

Zoritxarrez, egoera ez da udan konpondu; areago, okerrera egin du. Enpresak aurrera segitzen du plantilla berritzeko asmoekin, langile askok alde egin behar izan baitzuten, edo gaixo agiria baitute, edo beren etorkizuna nola aldatu pentsatzen ari baitira. Plantilla historiko hura, eskualdean izena irabazia zuten profesional onez osatua, ez zegoen prest Zuzendaritzaren arpilatze eredu horri jarraitzeko, eta uko egin zion “helburuen araberako lana” egiteari; irakur bedi “zenbat eta hilkutxa garestiagoak saldu, orduan eta komisio altuagoa jasoko du langileak”. Jakin dugunez, kontratazio berrietan eredu berri hori ezarri dute; eta bidez batez, erran dezagun kontratazio berri horiek merkeagoak ateratzen zaizkiela, funtzio berriak ezartzen dizkietela, eta distantzia luzeetan mugiarazten dituztela; batzuetan Nafarroako iparraldeko langileek egin dituzte Estellerriko garraio lanak. Eta horrekin guztiarekin zerbitzuaren kalitatea nahikotxo kaskartu da, eta bezeroen kexuak langileen bizkar gainera erori dira.

Eta horretan guztian makurrena da Irache taldea gizarteaz aprobetxatzen ari dela. Egoera emozional kritikoan dauden bezeroez aprobetxatzen ari da ahalik eta diru gehien ateratzeko. Halako jokabide maltzurrari LABek “banpirismo enpresariala” erraten dio. Gauza bakoitzak bere izena merezi baitu. Eta bizkarroi hauek bere produktu guztien prezioak neurririk gabe igotzen ari dira; adibidez, kutxaren salneurria %30ean emendatu dute, 1.087 eurotik 1.454 eurora.

Arpilatze horri aurre egiteko, LAB sindikatuak proposatzen du gertuko eredu bat, gardena, elebiduna, multinazionalen eta aseguru etxeen inposizioetatik askea, pertsonekiko tratu onetan formakuntza duten langileez osatua. Eredu horretan, gainera, langileek ere parte hartu beharko lukete enpresaren erabaki eta proiektuetan.

Eta bertze aldetik, esparru publikoari dagokionez, LABek uste du hileta zerbitzuen inguruko eztabaida egin beharko litzatekeela, tokiko elkarte eta erakundeekin, ongi arautzeko eta ikuskatzeko kontratazio baldintzak eta zerbitzuaren zein enpleguaren kalitatea.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.