2024-11-22
HomeEkintza SozialaDei zuzena egiten diogu Donostiako alkateari, Parte Zaharreko gaztetxearen aurkako inolako neurri...

Dei zuzena egiten diogu Donostiako alkateari, Parte Zaharreko gaztetxearen aurkako inolako neurri polizial zein juridikorik martxan jar ez dadin

Parte Zaharreko gazteek joan den larunbatean bideratu zuten Orixe Ikastolaren eraikin zaharraren okupazioaren harira, Donostiako Udaleko LABeko Sail Sindikalak txalotu du ekimena.

Hauxe da Donostiako Udaleko LABeko Sail Sindikalaren oharra:

Parte Zaharreko gazteek joan den larunbatean bideratu zuten Orixe Ikastolaren eraikin zaharraren okupazioa dela eta, Donostiako LABeko Sail Sindikalaketik hainbat gauza adierazi nahi ditugu.

Lehenik eta behin, txalotu nahi dugu gazteen ekimena, azken 12 urteotan hutsik eta utzita egon den Orixe Ikastolaren eraikin zaharra okupatzea zilegitzat jotzen baitugu, besteak beste, Parte Zaharreko Gazte Asanbladak Uxategi garaietik aldarrikatu zuen horrelako eskaera bati Udalak inolako erantzunik eman ez diolako azken urteotan. Orixe eraikinaren okupazioa ez da partikular pribatu batek etekin ekonomikoa eskuratzeari begira eginiko legez kanpoko ekimen bat, helburu soziala bideratzeko utzita zegoen espazio publiko baten erabilerarako ekintza zuzena baizik, anitza eta zabala.

Bestalde, bat egiten dugu Parte Zaharreko Auzo Elkarteak eginiko proposamenarekin, eta ondorioz, guk ere Udal Gobernuari dei egiten diogu lan-mahai bat osatu dezan ahalik eta azkarren, non auzoko eragile eta udal teknikari eta arduradunak elkartuko garen auzotarron ekipamendu beharrei irtenbideak behingoz bilatzeko eta horien artean, lehentasunez, Gaztetxea eta Auzoetxea adosteko.

Jarraitzeko, dei zuzena egiten diogu Eneko Goia alkateari gaztetxearen aurkako inolako neurri polizial zein juridikorik martxan jar ez dadin eta ez dezan eta Udaltzaingoa errepresio bide eta jarduera horietatik urrun dezan, bereziki, elkarrizketaprozesuak zer eman dezakeen ikusi aurretik. Hitzari aukera eman behar zaio.

Aitzitik, Orixe eraikinean egon daitezkeen proiektu ezberdinen artean Udalak bat hautatu eta hura martxan jarri bitartean, Gaztetxea bertan garatzen uzteko deia egiten diegu ordezkari politiko eta ekonomikoa guztiei, Biurrun epaileak ondo esan zuen moduan.

Bidenabar, gazte mugimenduaren eta langile mugimenduaren dinamiken arteko uztarketaren garrantzia azpimarratu nahi dugu. Eredu kapitalistaren aurrean, demokraziaren eta sozialismoaren aldeko borrokan bi sektore hauek bat egitearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Esperientzia eta ilusio batzen direnean, eraldaketa geldiezina bihurtzen da. Gaurko gazteria biharko langileria izango delako, Gaztetxea langileriaren etxea ere badela azpimarratu nahi dugu.

Horretaz gain, dei egiten diegu Parte Zaharreko herritar guztiei eta baita donostiar guztiei, Orixeko Gaztetxearen alde joka dezaten, gazteak behar duten guztietan laguntzen, bertako ekimenetan parte hartzen.

Azkenik, inoiz aurkako eraso errepresiborik balego, bertaratzeko eta bortxarik gabeko desobedientziaren bidez poliziaren erasoari aurre egiteko, argi utziz beraiek direla biolentzia erabiltzen duten bakarrak.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.