2024-11-22
HomeLAB SindikatuaDelegatuen BatzarraHauteskunde sindikaletarako erronkak partekatzen hasi gara delegatuekin #ZureBideLagun

Hauteskunde sindikaletarako erronkak partekatzen hasi gara delegatuekin #ZureBideLagun

Kurtso berriaren etorrerarekin, LABek delegatuen batzarrak egingo ditu egunotan, herrialdeka. Horietatik lehena gaur izan da, Hernanin, eta Gipuzkoako delegatuak zeuden bertara deituak. Egoera soziopolitikoa hizpide izateaz gain, sindikatuaren erronkei buruz hitz egin dugu; hauteskunde sindikalen epealdi trinkorako ezarritako helburuei buruz, kasu.

"Guk ez dugu hauteskunde sindikal hauetan hazi nahi helburu korporatibo hutsalengatik. Guk geroz eta langile gehiagorentzat tresna eraginkor bat izan nahi dugu. Sindikatu indartsu bat nahi dugu, langileria osatzen duten sektore ezberdin guztien interes eta beharrak defendatu ahal izateko, kapitalaren kontra jolastu beharreko partidan langileoi bitarteko gehiago eskaintzeko".

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu eta Antolakuntza idazkari Izaskun Garciaren hitzak dira hauek, Gipuzkoako delegatuen batzarrean esandakoak. Hain zuzen ere, nabarmendu dugu, LABen hauteskunde sindikaletako leloak dioen bezala, langileen bidelagun izan nahi dugula: "Lantoki zein lan zentroetan langileen eskubideen defentsan eta prekaritatearen kontrako borrokan, bidelagun; eredu ekonomiko eta sozial justu eta solidarioago baten eraikuntzan, bidelagun".

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "sindikatu hau da bakarra kontrabotere sindikalgintzan jaio, garatu eta hazten ari dena. LAB zer den? Bi hitzetan: hitza eta ekintza. Esan eta egin". LABeko idazkari nagusiaren arabera, "pertsonak dira, gure delegatuak, gure militantzia, sindikatu honek daukan onena".

Gaurko batzarrean sektore desberdinetako lekukotasunak entzuteko aukera izan dute bertaratutakoek, eta aipamen berezia egin zaie sektore feminizatuenei, sektore prekarioenak izanagatik. 

Gipuzkoan, %28ko ordezkaritza
Bestalde, Izaskun Garciak hainbat datu jakinarazi ditu LABen egoera "osasuntsua" irudikatzeko. Sindikatuak 4.000 ordezkari pasatxo (4.285) eta 40.000 afiliatu baino gehiago (41.368) ditu. Sindikatuko Zuzendaritza markoak parekideak dira, eta ordezkaritzaren %36 emakumezkoak dira. Hain justu, portzentaia hau igotzea eta %40eko langa gainditzea da hauteskunde sindikal hauetako erronketako bat. Bestalde, afiliazioaren %42 emakumezkoak dira.

Hauteskunde sindikalekin jarraituz, Gipuzkoan kokatuz, ekaineko azken datu ofizialek erakusten dute 1.584 delegatu ditugula herrialdean (%28,19). Hortaz, Gipuzkoari dagokionez, Egun dugun portzentaia hori igotzea da erronka: 1.600 delegatuetara iristea.

Arabako delegatuen batzarra, bihar
Bihar izango da Arabari dagokion delegatuen batzarra, Gasteizko Aldabe zentroan. Asteazkenean eta ostegunean Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako delegatuen batzarrei egokituko zaie txanda, hurrenez hurren; eta datorren astean, irailaren 19an, Bizkaikoa egingo dugu, Bilboko Itsas Museoan.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.