2024-11-25
HomeEkintza PolitikoaAurtengo erronkarik nagusiena elkarbizitza demokratikorako behin betiko oinarriak finkatzea dela esan du...

Aurtengo erronkarik nagusiena elkarbizitza demokratikorako behin betiko oinarriak finkatzea dela esan du Foro Sozialak

Hasi berri den 2018-19 ikasturterako Foro Sozial Iraunkorrak finkatu dituen erronkak jakinarazi ditu gaur Bilbon, komunikabideen aurrean. Hain zuzen ere, elkarbizitza, biktimak, presoak eta memoria inklusiboa izango dira lehentasunak. Nekane Alzelai eta Agus Hernanek hartu dute hitza agerraldian.

Hauxe izan da Foro Sozialaren irakurketa:

Azken urteotan, aurrera pausu handiak eman dira euskal gatazka delakoaren konponbidearen norabidean.

Ezagunenak, segur aski, ETAren armagabetze zibila eta desegitea izan dira. Baina beste urrats garrantzitsuak ere egin dira: indarkeria mota guztien biktima guztien aitortzaren arloan, presoen gizarteratzeari buruzko akordio zabalak lortu dira eta alderdi politikoen eta eragile sozialen artean elkarrizketa politikoa areagotu egin da.

Baina beste arlo batean jarrerak enkistatu egin direla onartu beharrean gaude: memoria inklusiboan, alegia (edo beste batzuek oso modu desegokian dioten moduan, “kontakizunaren batailan”).

Gure ikuspegitik, aurtengo erronkarik nagusiena elkarbizitza demokratikorako behin betiko oinarriak finkatzea da, bake eta giza eskubideen kultura baten gainean eraikitakoak.

Elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko orduan hiru zutabe daude: indarkeria mota guztietako biktima guztien aitortzarako behin betiko urratsak ematea; preso dauden pertsonei irtenbide integrala ematea eta kontakizun guztiak onartuko dituen memoria inklusiboaren erronkari aurre egitea.

Banan bana joango gara:

1-Biktimen arloa lehentasunezkoa da gure ikuspegitik. Biktima bakar bat ere ez bakarrik eta aitortu gabe berriro ez sentitzea da gure helburua.

Helburu honekin, urte osoa daramagu datorren hilabetean egingo dugun V. Foro Soziala lantzen. Jakina denez, V. Foroa datozen urriaren 5 eta 6an ospatuko da Iruñean eta Bilbon, hurrenez hurren.

Foro Sozialaren leloa hau izango da: “Egia ezagutzeko eskubidea: biktimentzako aitortza eta erreparaziorako tresnak”. Bi egunetan zehar, diziplina anitzeko nazioarteko zein bertako adituek gure prozesu zehatzean hain garrantzitsua den gai honetan sakonduko dute.

Hortaz gain, urte osoan zehar indarkeria mota desberdinetako biktimekin lanean jarraituko dugu, beraien arteko topaguneak bilatuz. Batzuetan topagune publikoak izango dira, Iruñean, Gasteizen edo Gernikan egin bezala, eta gehienetan pribatuak izango dira.

Arlo honetako eginbeharrekin bukatzeko, “argitu gabeko kasuak” – edo “egiarik gabekoak” – lantzen jarraituko ditugu pasa den martxoaren 17an Miramar Jauregian aurkeztutako txostenaren ildotik. Bertan argitu gabeko kasuak 482 zirela adierazi genuen.

2-Preso dauden pertsonei buruz, Foro Sozial Iraunkorrak pasa den uztailaren 24an adierazi zuen bezala, adostasun handia dago. Era berean, iragarritako pausuak ez emateak frustrazioa eragingo zuela nabarmendu genuen orain dela egun batzuk. Gaur egun, gizartearen beste sektore guztiak bezala, Barne Ministroak pasa den asteazkenean iragarritako pausuak noiz gauzatuko diren zain gaude.

Hala ere, bi puntu azpimarratu nahi ditugu:

Bata, preso dauden pertsonen egoerari irtenbide integrala ematea elkarbizitza demokratikorako ekarpen bat dela uste du euskal jendarteak. Alderdi Sozialistak badaki gai honetan jendartearen sustengua duela, erakunde publikoarena, alderdi politikoena, sindikatuena eta, uda honetan baieztatu ahal izan dugun moduan, baita Herri honetako biktimena ere. Are gehiago, Madrilgo Kongresuan gehiengo batek euskal herritarren nahiarekin bat egiten duela esan daiteke. Sanchezek badaki aurrera pausuak ematen hasteko erabakia hartzen duenean babes guzti hauekin kontatuko duela. Horixe da gure helburua: bai hemen baita Madrilen ere, behar diren gehiengoak osa daitezen lan egitea, prozesua finkatzeko eta ibiltzen hasteko.

Eta bestea, Rajoyren garaietatik behin eta berriz adierazten ari gara badakigula kontu hauek denbora eskatzen dutela. Aurrera pausuak faseka egingo direla. Jauzi ikusgarriak ez ditugula ikusiko.

Orain arte bezala lanean jarraitu behar da, era diskretuan, fokuetatik urrun. Euskal jendarteak bere nahiak asetuko dituen keinuak behar ditu eta horretarako aurrera pausuak ematen hasi behar da Gobernuak berak zehaztu dituen urgentziazko arloetan: gaixo dauden presoak, 70 urte gorakoak, hurbilketa eta lehen gradua.

3-Ez gara ezer berririk esaten ari memoria inklusiboaren alorrean jarrera inkestatu egin direla adierazten dugunean.

Galdera da: orrialdea pasatu gabe, dauden kontakizun guztiak eroso sentitzeko memoria baten oinarriak nola landu behar dira?

Lan horren emaitzan inor ez da baztertuta sentitu behar. Lan horren emaitzak etorkizunari begiratzea ahalbidetu behar du, gure iragana ahaztu gabe.

Elkarbizitza demokratikoa eraiki al dezakegu memoriaren auzia konpondu gabe? Ba al dago orrialdea pasatzeko arriskurik?

Jendarteak gure ordezkari politikoei elkarrizketarako eta adostasunerako gaitasuna eskatzen dizkie.

Biktimen aitortzan edo presoen egoeraren inguruan adostasuna erdiestea posible izan bada, zergatik arlo garrantzitsu honetan adostasunaren aukera ukatuko zaio euskal jendarteari?

Galdera asko dira, eta ikasturte honetan zehar denak erantzuten saiatuko gara. Beti bezala, ahalik eta proposamen inklusiboenak eta zeharkakoenak egiten.

Bukatzeko, hurrengo hilabetetan Eusko Legebiltzarrari begira egongo garela adierazi nahi dugu. Bertan, polizi gehiegikerien euskal legea birformulatzea aurreikusten da, eta baita ere, Memoria eta Elkarbizitzaren ponentziaren lanak bukatzea. Arlo garrantzitsu hauetan akordiorako gaitasuna egotea espero dugu. Akordio zabalak eta transbertsalak erdietsi ezean, biktimek eta jendarte osoak ez lukete ulertuko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Elgoibarko Egondoko langileek mobilizazioei ekin diete enpresa-itunaren negoziaketaren blokeoa dela eta

Azaroaren 18an, Elgoibarko Egondo enpresako langileek mobilizazio ziklo bat jarri zuten martxan euren enpresa–itunaren negoziaketaren blokeoa dela eta. Gaur ere mobilizazioa egin dute, eta beste horrenbeste egingo dute aste honetako asteazken eta ostiralean ere.

EAEko aurrekontuak zehazterako orduan langileen parte hartzea bermatzeko eskatu diogu Jaurlaritzari

Gaur goizean egin den Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren bileran, LABeko ordezkariek salatu dute EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu direla. Honetaz gain, proposamen zehatzak jasotzen dituen txosten bat helarazi diote Nöel D’Anjou Ogasun sailburuari.

Aldarrikatuko dugu Euskal Herriak ahots propioa izan behar duela CAF taldeko Enpresa Batzorde Europarrean

Azaroaren 27an bilduko da lehen aldiz CAF taldearen Europako Enpresa Batzordea izango denaren oinarriak adostu beharko lituzkeen negoziazio-mahaia. Bilera hau Beasaingo lantegian egingo da, 10:00etatik aurrera.