2024-11-22
HomeLan Osasuna IdazkaritzaPrekarietatea HiltzaileaNafarroan gertaturiko beste lan heriotza bat salatu dugu

Nafarroan gertaturiko beste lan heriotza bat salatu dugu

Iragan astean LAB sindikatuak jakin zuen astelehenean langile bat hil zela lan istripuan. Hildakoaren familiak lortu zuen informazioaren arabera, istripua abuztuaren 27an gertatu zen, Atondo herrian, bertako etxe partikular batean egiten ari diren lan batzuetan. Hildako langilea V.U.E. da, 58 urtekoa.

Normalean gertatu ohi denaren kontrara, albiste lazgarria ez da hedabideetaraino ailegatu, lan istripu honen inguruabarrak guztiz arraroak eta kontraesankorrak izan baitira. Berez, lerrook idazteko unean, informazio ofiziala nahiko eskasa da, Foruzaingoa gertaera ikertzen ari baita oraindik. Dena dela, LABek jakin duen informazioa baieztatuko balitz, oso gertaera larrien aitzinean geundeke.

Lehenik eta behin, hildako langilearen familiari gure elkartasun eta babes osoa helarazi nahi diogu.

Bigarrenik, ikerketa lehenbailehen bukatzeko eta erantzukizun guztiak behar bezala argitzeko exijitzen dugu. Hau da:

-Egonen balitz, zehaztea zein harreman kontraktual zegoen hildakoaren eta lanaren arduradunaren artean.
-Egonen balitz, zehaztea zein segurtasun neurri zeuden, argi eta garbi ez baitziren nahikoak izan.
-Zehaztea zer egin zuten laneko arduradunek lehenbiziko sorospenetan eta zauritua ospitalera eramateko bidean.

Erabateko lan prekarietatearen testuinguru batean kokatzen du LABek istripu hau. Behar handiko egoera sozial bat, gero eta gutxiago arauturik dagoen eraikuntza sektorean dagoen zaintza falta eta langile klasearen aurka eginiko legedia batzen diren honetan, pertsona anitz behartuta dago halako ondorioak dituzten sasi-esklabotzako lan baldintzak onartzera.

Ezin dugu ezikusiarena egin. Euskal Herrian ikagaragarri hazi da lan istripuen kopurua. Nafarroan, adibidez, 11 langile hil dira uda honetan. Odoluste hau bukatu behar da. Orain. Hala, Nafarroako Gobernuari eta Espainiako Estatuko lan ikuskaritzari eskatzen diegu berehalako neurriak hartzeko lanpostuetan langile gehiago hil ez daitezen.

Eta berehalako eta premiazko neurri horiei gero bertze batzuk batu behar zaizkie, egoera beldurgarri honen benetako arrazoei aurre egiteko. Lan baldintzak kaskartzea eta arau gutxiagorekin uztea, soldatak jaistea eta gizarte babesa txikitzea helburu duen lege amarauna desegin beharko lukete neurri horiek. Eta LABen pentsatzen dugu esparru arau-emaile hori hemen erabaki beharko genukeela, eta ez Madrilen. Uste baitugu modurik eraginkorrena dela prekarietateari aurre egiteko. Horregatik guztiagatik, eta lehenbiziko urrats gisa, eskatzen dugu Nafarroako Gobernuak bere egitea lan ikuskaritzako eskumenak.

Azkenik, langile klase osoari deitu nahi diogu, aktiba eta mobiliza dadin, eta sala dezan edozein langileren osasunari eragiten ahal dion edozein egoera.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.