2025-04-05
HomeLan Osasuna IdazkaritzaPrekarietatea HiltzaileaBada garaia Michelinek bere erantzukizuna hartzeko

Bada garaia Michelinek bere erantzukizuna hartzeko

Tamalez, langile baten heriotza salatu beharrean gaude berriro. J.A.P, 43 urteko langilea eraila izan da bere lanpostuan, eta honekin dagoeneko 41 dira Euskal Herrian urte honetan hildako langileak. LAB sindikatutik elkartasuna eta samina adierazi nahi diegu langilearen familia, ahaide eta enpresako langileagoari.

Azken bi urteetan, Gasteizen, Michelin multinazionalak duen lantokian gertatzen den laugarren heriotza da. Azkena, 2017ko martxoan, bihotzekoak jota hil zen langileari dagokionez, Lan Ikuskaritzak enpresa behartu zuen gauetan eta asteburuetan medikua bertan egotea. Enpresa behin eta berriz egoera hauek ezkutatzen saiatu da, esanez ez dela bere enpresan izan (bertan lan egiten duten azpi-kontrata baizik), edo nola edo hala langileen esku utziz erantzukizun guztia. 

Enpresa honetan prebentzioan eta lan osasunean dauden gabeziak behin eta berriro salatu ditugu, besteak beste: bigarren aktibitatea, ezinezko erritmoak, prebentzioan formakuntza eta trebakuntza falta… Gainera, kasu honetan enpresa barneko protokolo denek huts egin dute, atezaintzarekin telefonoz kontaktua egin ezinda enpresaren punta batetik bestera korrika ibili behar izanak asko atzeratu zuen interbentzioa. Halaber, desfibriladorea aurkitzeko zailtasunak zein berau erabiltzen zekien langile trebaturik ez aurkitzeak ere eragina izan du amaiera honetan.

Hau ez da kasualitatea, langile honen heriotza ez da inolaz ere ausazkoa. Hau prekarietatea da. Bada garaia Michelinek bere erantzukizunak har ditzan eta prebentzio zein lan osasunean benetako inbertsioa burutu dezan. Hobe luke langileen artean erruak banatzen ibili baino, arazoaren muinera jo eta langileen bizitzak arriskuan jarriko ez dituen enpresa politika egiten hasiko balitz. 

Erakundeei, Eusko Jaurlaritzari, Lan ikuskaritzari eta Osalani dei egiten diegu behar bezalako ikerketa eta neurriak har ditzaten enpresa hauen aurrean, eta behar bezalako prebentzio politika ezarri eta kontrolatu dezaten. Beharrezkoa ikusten dugu eredu aldaketa, beharrezkoa da langileon osasuna, bizi eta lan baldintzak lehentasunezkoak izango dituen Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eraikitzea.

LAB sindikatutik langileon osasuna eta eskubideen alde lanean eta borrokan jarraituko dugu. Horregatik guztiagatik, gertaera hau salatzeko enpresako langileek egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen diogu jendarteari.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

17. hildakoa 2025a hasi denetik Euskal Herrian, 10.a Nafarroan

Atzo, 55 urteko langile iruñear bat hil zen Agoitzen aldamiotik erorita. Tejados Aoiz enpresako langileak 10 metroko erorikoa izan zuen.

Langileen aldeko politika publikoen beharra partekatu du LABek EH Bildurekin

LABen eta EH Bilduren ordezkaritza banak, LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyo eta EH Bilduko EAEko Legebiltzarreko bozeramaile Pello Otxandiano buru, bilera izan dute gaur Donostian.

LABek salatu du Iruñeko alokairuko bizikleten zerbitzua kudeatzen duen enpresak atzerapenekin ordaintzen duela eta dagoeneko bi nomina oso zor dizkiela langileei

LAB sindikatuak salatu nahi du Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian daudela, sei hilabete baitaramatzate nominak berandu kobratzen eta egun enpresak bi nomina oso zor baitizkie. Lan baldintza duinak bermatuko dizkien eta zerbitzuaren jarraipena bermatuko duen berehalako irtenbidea eskatzen dute langileek.