2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakNafarroako AdministrazioaLotsagarria da Nafarroako Gobernuaren Enpresa Publikoak ABLEen bidez kontratatzen hastea

Lotsagarria da Nafarroako Gobernuaren Enpresa Publikoak ABLEen bidez kontratatzen hastea

Nafarroako Gobernuaren kontratazio atariaren bidez jakin ahal izan dugunez, abuztuan eta langileon ordezkariok gai honi buruzko inolako berririk izan gabe, Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoak (NEKP) “Nafarroako Gobernuaren Enpresa Publikoen langileon aldi baterako kontratazioaren zerbitzua”-ren lizitazio iragarkia argitaratu du, honen helburua Nafarroako Gobernuaren Enpresa Publikoen aldi baterako langileon kontratazioa ardura izanen duen enpresa hautatzea helburua izanik.

LAB sindikatuak atzerapausu berri hau salatu nahi du, kontratatu berrien lan baldintzak okertu eta aldi baterakotasuna sustatzen duelako, lan munduan hasten ari diren gazteenak bereziki. Nafarroako Gobernuaren enpresa publikoak bere langileen lan baldintzen errespetuaren eredua izan beharko lirateke, eta ez prekarietatea sustatzen duen beste enpresa multzo bat.

Bestaldetik, kontratazio eredu berri hau, akordio programatikoan EEPPetan aplikatzeko jasotzen diren neurrien kontra doa: langileon hautaketa Aldi Baterako Lanerako Enpresen (ABLE) esku uzten da, langile publikoen kontratazioarako oinarriak diren berdintasuna, meritua eta gaitasuna alde batean utziz; kalitatezko lanaren sustapena eragozten da eta gainera, jokatzeko era honekin, zuzendaritza eta langileon arteko konfidantza eta gardentasuna apurtzen da guztiz.

LABek EEPP ezberdinek merito eta gaitasunaren bididez zuzeneko kontratuak egiten jarraitzea eta aldi baterakotasuna eta prekarietatea errazten duen formula berri hau inondik inora ere indarrean jartzea eskatu nahi du. Hau horrela ez balitz, LABek bere esku duen guztia eginen du Enpresa Publikoen langileon baldintzen aldaketa garrantzitsu hau eragozteko. Azkenik, NEKPren langileon ordezkariekiko erabateko gutxiespena salatu nahi dugu. Beste behin ere, neurri atzerakoi batekin datozkigu enpresa batzorde ezberdinak informatu gabe eta, are gehiago, negoziatu gabe.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.