2024-11-22
HomeLan Osasuna IdazkaritzaPrekarietatea HiltzaileaGarraiolarien lan istripuak salatzen ditugu

Garraiolarien lan istripuak salatzen ditugu

Atzo Laudioko garraiolari baten heriotzaren berri izan genuen. Lan istripua Urdulizen gertatu zen, Bizkaian, kamioia BI-634 errepidetik atera eta gero. Gaur 121-A errepidean, Pueiu inguruan, Nafarroan, beste garraiolari batek beste lan istripu bat izan du, bertan gidaria larri zauritu eta bere ondoan zihoana hil egin da, paper bobinak zeraman kamioia errepidetik atera ondoren.

LABetik gure babes eta elkartasunik zintzoena erakutsi nahi diegu hildakoen senitarteko, auzokide eta gertukoei, eta langile-klaseari orokorrean.

Kasu honetan, beste sektore askotan gertatzen den moduan, garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira. Garraiolariek ez daukate giza nahiz lan gaixotasunen aurrean babes egokirik askotan. Izan ere, gehiengo batean langile autonomoak dira, edo autonomo faltsuak, eta, gainera, berauek edukitako lan istripuak ez dira maiz estatistika ofizialetan kontutan edukitzen. Horrela, Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, sektoreak bizi duen prekarietate egoeraren jakitun izan arren.

Azpimarratzekoa da garraiolariek jasaten dituzten lan istripuen gehiengoak errepideetako merkantzien garraioak urte luzez pairatzen duen prekarietatea eta desregulazio basatia agerian uzten dituela. Gainera, garraiolarien eskubide eza nabarmena da. Izan ere, lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak eta atseden eza jasan behar dituzte. Beste askotan, gainera, zamaren deskarga egitera behartuak daude. Honi guztiari gehitu behar zaie tenperatura altuak, errepideen egoera kaskarra, eguraldia… Hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak, garraiolarien bizitza arriskuan jartzeaz gain. Arazo hauek dira Administrazioak behin eta berriz ezkutatzen saiatzen dituenak, beste alde batera begiratuz gehienetan, beraien nahia garraio merkea lortzea baita, edozein preziotan.

Mobilizazioa eta borroka ezinbestekoak dira. Horregatik, LABek lan istripu guztiak salatzen jarraituko du, eta enpresa eta administrazio publikoei neurriak exijituko dizkiegu. Zentzu honetan, ostegunerako, abuztuak 9, euskal gehiengo sindikalak elkarretaratzera deitu du, 12:00etan, Laudioko herriko plazan.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.