LABek ohartarazi zuen Gipuzkoako hitzarmen berriaren sinadurak ez lukeela ekarriko honen aplikazioa eta adi egongo zela edozein ez betetzeren aurrean. Bada, LAB izan da Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmenaren 48. artikulu berria erabili duen lehen sindikatua. Artikulu honek ahalbidetzen du hitzarmena betetzen ez duten enpresei ordainketak etetea eta LABek erabili du Anoetako estadioaren lanetan diharduen azpikontrata batek hitzarmenak ezarritako soldatak ordain ditzan.
Gure salaketaren ondorioz, UTE ANOETA ZELAIA enpresa nagusiak eten egin dio kontratua OBRAS Y REFORMAS IKRAM SLU enpresari. Enpresa honek, lan ordu bakoitza hitzarmenak dioena baina 5 ordu gutxiago ordaintzen zien langileei.
UTE ANOETA ZELAIA enpresarekin lotuta, joan den 2017ko abenduaren 5ean beste salaketa sartu genuen, kasu honetan, enpresa honetarako lan egiten duten Vilariño S.L., Costrucciones Maizti eta EBP enpresek aipatutako UTEan bere langileak ilegalki uzteagatik.
Daukagun informazioaren arabera, ziuraski Lan Ikuskaritzak gure alde aterako du ebazpena eta, horren ondorioz, enpresa hauen langileak UTE ANOETA ZELAIA enpresan altan ematean eskatzen dugu.
Tamalez, salaketa hauek ez dira berriak, aurretik ere Anoetako estadioaren obretan gertatu dira halakoak. Onartezina da herri lanetako obretan sektore hitzarmena behin eta berriro ez betetzea. Hori dela eta, Donostiako alkatea den Eneko Goia zein Gipuzkoako ahaldun nagusia Markel Olanori euren erantzukizuna bere gain hartu, gertatutakoa ikertu eta hitzarmena betetzen dela bermatu dezatela exijitzen diegu.