2024-11-23
HomeIndustriaMetalgintzaCAESAko langileek lanuzteak egin dituzte enplegua eta proiektu industrialaren defentsan

CAESAko langileek lanuzteak egin dituzte enplegua eta proiektu industrialaren defentsan

Cables y Alambres SAko langileek euren mobilizazioak gogortu dituzte eta bi ordutako lanuzteak egiten ari dira egunean zehar txanda bakoitzean (goizez, arratsaldez eta gauez).

Gainera, mobilizazioa egin dute Vicinay taldearen egoitzaren aurrean, Bilboko Jesusen Bihotzeko plazan, euren egoera zailaz eta martxan dituzten ekimenen berri emanez.

LANGILEEN OHARRA

CAESAko 130 langileren enplegua eta proiektu industriala arriskuan!

2015. urtean, Vicinay Taldeak Cables y Alambres SA erosi zuen (CAESA). Operazio hartan Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiak parte hartu zuten. Taldeak 10 milioi eurotako inbertsioa egingo zuela agindu zuen, ekoizpena %70 handituko zuela eta 40 lanpostu berri sortuko zituela. Egun, ordutik hiru urte igaro direnean, aurrez aurre daukagun errealitatea hurrengoa da:

1.- Inbertsiorik ez eta lan-istripuak eguneroko ogia.
Instalazioa eta makineria egoera tamalgarrian, horrek lantokiaren ekoizpen gaitasunari zuzenean eragiteaz gain, langileen segurtasuna eta osasuna arrisku jartzen du etengabe.

Hain zuzen ere, ezin dugu ahaztu irailean jazo zen lan-istripua, langile baten heriotza ekarri zuena; ezta 2018. urtean jadanik Euskal Herrian jasan behar izan ditugun 27 lan-istripu hilgarriak ere. 27 hildako 6 hilabetetan. Datuok eskandalu bat dira eta guztion erantzukizuna eskatzen dute.

2.- Azaroaz geroztik nominen ordainketan etengabeko atzerapenak jazo dira.

Kobratu dugun azken nomina maiatzekoa da eta uztailean gaude. Enpresak eman digun informazioaren arabera, egoera honek ez du hobetzeko itxurarik, epe motz-ertainean behintzat.

3.- Erandioko Udalak proposatu duen Hiri-Antolamenduko Plan Orokorraren Aurreratze Agiriak aurreikusten du lantegiak betetzen duen orubea birkalifikatuko dela, hiri-erabilera emanez.

Urrats bat emateko ordua iritsi da. Gure eskaria argia da, etorkizuna izango duen Industria-proiektua, egungo enplegua bermatuko duena eta lan baldintza duinak CAESAko langile guztiontzat.

Eskatzen duguna justua izateaz gain, langileontzako alternatiba bakarra da.

Hortaz, CAESAri eta Grupo Vicinayri nahiz Eusko Jaurlaritzari, Aldundiari, udal-taldeei eta Erandioko alkateari lan-proposamen bat egin diegu, guztion artean Industria-Plan bat hitzartu ahal izateko, hurrengo gaien inguruan:

1. Egungo plantilla osoari enplegua bermatuko zaio.

2. Industria-proiektuaren garapena eta bideragarritasuna ahalbidetuko duen adinako inbertsioa, langileon segurtasun eta osasun baldintzak bermatuko dituena.

3. Orubea birkalifikatuko balitz, Erandioko Udalaren Hiri-Antolamenduko Plan Orokorraren Aurreratze Agirian aurreikusten den bezala, Vicinayk konpromiso hartzea udal berean legokeen beste nonbaitera eramatera industria-proiektua eta langile guztion enplegua ziurtatzea.

Akordioa erdiesteko, eragile guztion inplikazioa behar dugu:
Eusko Jaurlaritza, Aldundia, Udala eta alderdi politikoak. Horregatik, hurrengo eskari zehatzak erregistratu ditugu:

Eusko Jaurlaritzari: Grupo Vicinayk CAESA erosi zuenean, 2015eko martxoan, bere gain hartu zituen konpromisoak bete diren zorrozki aztertu eta gainbegiratu ditzala. Enpresa-proiektuaren iraunkortasuna bermatzeko asmoarekin.

Aldundiari: enpresak gaur egun bizi duen benetako egoerari buruzko analisia egin dezala, eta Sustapen eta Ekonomia Garapen Sailaren bidez landu dezala Industria-plan berria, enpresa proiektuaren egungo eta etorkizuneko iraunkortasuna ahalbidetuko duena.

Alkateari: zuzenean inplikatu dadila honetan, Eusko Jaurlaritzarekin, Aldundiarekin edota Vicinay taldearekin burutu nahi izango diren ekimenetan, nahiz udalean industria babesteko; eta hortaz, enplegua eta langileen lan baldintzak babestearren antola daitezkeen edozein aukeretan parte hartuz eta lagunduz.

Gaur CAESAko langileok borroka abiatu dugu, industria-proiektuaren defentsan, enpleguaren defentsan eta lan baldintza duinen defentsan. Ez dugu etsiko gure eskubideak lortu arte!

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.