2025-04-01
HomeEkintza SindikalaHezkuntza Publikoko sukalde eta garbiketan LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deitutako grebak...

Hezkuntza Publikoko sukalde eta garbiketan LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deitutako grebak hirugarren egunez %70etik gorako jarraipena izan du

Hezkuntza Saileko Sukalde eta Garbiketako 1.000 langile izan dira gaur, otsailaren 19a, grebara deituak. Urtarrilaren 30eko eta 31ko grebetan bezalaxe grebak jarraipen oso zabala izan du, %70etik gorakoa.

Gaur Bilboko, Donostiako eta Gasteizko hezkuntza ordezkaritzetan egindako elkarretaratzeetan ehunka sukaldari eta garbitzaile bildu gara.

Urtarrileko greben ostean negoziazio mahaiak deitu ditu Hezkuntza Sailak. Bilera hauetan, grebek behartuta zenbait eduki mahai gainean jartzen hasi da, funtzioen inguruan esaterako eta kategorien egokitzapenari buruz hitz egiten hasi da. Halere, grebetako aldarrikapenei erantzuten dieten proposamenak jorratzetik eta ekartzetik urrun dago.

Grebek eta mobilizazioek izandako babesak argi erakusten du langileek grebetan jarraitzeko indarra daukatela edukiak lortu arte. Horrela, bihar ere greba eguna da kolektibo honentzat. Lakuan egingo dute mobilizazioa goizeko 11:30ean. Lakua inguratuko dute sukaLdari eta garbitzaileek.

Hitzarmena berritzeko grebetako aldarrikapen nagusiak hauek dira: lan zamak arintzeko bazkaltiar eta garbiketa ratioak hobetzea eta lanaldiak murriztea; gazteberritze planak adostea; galdutako eros-ahalmena berreskuratzea; funtzioak definitzea eta kategoriak egokitzea; enplegua egonkortzea eta pribatizazio zein fusio edo itxieren bidez lanpostu suntsiketak eragozteko neurriak hartzea, ordezkoen araudia negoziatu eta adostea, lizentziak eta baimenak hobetzea eta lan osasun, berdintasun eta euskara planak garatzea.

Kolektibo hau feminizatuena den Hezkuntza saileko esparrua da eta lan baldintza prekarioenak dituena, baita pribatizazio prozesu handiena bizi duena ere.

Azkenik, gogoratu behar dugu Eusko Jaurlaritzak gehiegizko zerbitzu minimoen bitartez zein hauen aplikaziorako irizpide neurrigabeak ezarriz, kolektibo honen greba eskubidea baldintzatu nahi izan duela.

Hau horrela izan arren, greba egiteko aukera izan duten langileen artean, grebak %70etik gorako jarraipena izan du. Besteak beste, aipatzekoak dira, gutxieneko zerbitzuak kenduta langileen %100ak greba egin duen ondorengo eskoletako sukaldeak:

Gipuzkoan: Beasain, Hernani, Zarautz, Azkoitia, Lezo, Ikasbide edo Urretxu.
Bizkaian: CEP Mendia Balmasedan, CEP Kontxa edo CEP Alonsotegi.
Araban: Alegria/Dulantzi, Valdegobia, Gamarra edo Mendiko eskola.

Garbiketako langileen kasuan ere grebaren jarraipena oso zabala izan da. Erabatekoa, besteak beste, Lasarte eta Ordizin Gipuzkoan, Burdinibarra eta Trapagaran Bizkaian edo Gorbeialde, Eio eta Eraikin Araban.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Grebara deitu dugu Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioetan apirilaren 9an eta 10ean, lehen hitzarmena lortzeko borrokan

LABek eta ELAk proposamen bat eman diogu Aldundiari, bere lehen testuari erantzuteko. Sindikatuok ez dugu onartuko langileen lan-baldintzak nabarmen hobetuko ez dituen hitzarmenik.

Lan ikuskaritzak arrazoia eman digu eta PEPSICO zigortu du 2023ko arazoaren 30eko Greba Feminista Orokorrean izandako jarrera dela eta

Dena LABek sartu genuen salaketa baten harira izan da. Honen arabera, frogatuta geratu da grebalariak ordezkatuak izan zirela.

Gehiengo sindikalak eskatuta, Pradales lehendakariak Mitxel Lakuntza eta Garbiñe Aranburu hartuko ditu gutxieneko soldataz aritzeko

Confebaskek gutxieneko soldata Lanbidearteko Akordio bidez adosteari uko egin ondoren, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek Pradales lehendakariari bilera eskatu zioten, eta bilera hori apirilaren 2an izango da.