2025-04-05
HomeIndustriaMetalgintzaBorrokari esker akordiora iritsi eta eskubideen bermea lortu dute SAMMICeko langileek

Borrokari esker akordiora iritsi eta eskubideen bermea lortu dute SAMMICeko langileek

Uztailaren 2tik greba-mugagabean zeuden Azkoitiako SAMMIC enpresan akordioa lortu zuten atzo eta gaur, lanera bueltatu dira. Lau urteko akordioa lortu dute, 2018 eta 2021 bitartekoa, eta inaplikazio klausulaz gain, 18 hilabeteko ultraktibitatea. Hau da, iraunaldia amaituta ere, beste 18 hilabetean bermatuta izango dituzte baldintzak. Horrez gain, soldaten igoera eta bi sailetako kategorien soldatak ekiparatzea ere lortu da. Borroka luzea izan da, baina, merezi izan duela garbi dute.

Enpresa-batzordearen oharra

Pasa den astelehenean, uztailak 2, greba mugagabeari ekin genion SAMMIC SLko langileok. Aurretik bost greba egun eginak genituen. Greba mugagabea hastearekin batera, enpresa-batzordea eta enpresako zuzendaritza hitz egiten hasi ginen. Aurreko ostegunean blokeo egoerara iritsi ginenetik, ordea, ez da bilerarik izan enpresarekin.

Atzo goizean beste bilera bat egin genuen zuzendaritzak eta langile batzordeak, eta adostasunera gerturatu ginen bertan. Enpresak garbi ikusi zuen inaplikazio klausula onartu ezean, ez ginela lanera itzuliko eta onartu beste aukerarik ez du izan. Arratsaldean sinatu genuen aurreakordioa. Gaur langileok lanera itzuli gara.

Lau urteko akordioa lortu dugu, 2018 eta 2021 bitartekoa, eta inaplikazio klausulaz gain, 18 hilabeteko ultraktibitatea lortu dugu. Hau da, iraunaldia amaituta ere, beste 18 hilabetean bermatuta izango ditugu baldintzak. Beraz, negoziaketan ez gara linbo batean egongo.

Horrez gain, soldaten igoera eta bi sailetako kategorien soldatak ekiparatzea ere lortu da. Borroka luzea izan da, baina, merezi izan duela garbi daukagu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

17. hildakoa 2025a hasi denetik Euskal Herrian, 10.a Nafarroan

Atzo, 55 urteko langile iruñear bat hil zen Agoitzen aldamiotik erorita. Tejados Aoiz enpresako langileak 10 metroko erorikoa izan zuen.

Langileen aldeko politika publikoen beharra partekatu du LABek EH Bildurekin

LABen eta EH Bilduren ordezkaritza banak, LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyo eta EH Bilduko EAEko Legebiltzarreko bozeramaile Pello Otxandiano buru, bilera izan dute gaur Donostian.

LABek salatu du Iruñeko alokairuko bizikleten zerbitzua kudeatzen duen enpresak atzerapenekin ordaintzen duela eta dagoeneko bi nomina oso zor dizkiela langileei

LAB sindikatuak salatu nahi du Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian daudela, sei hilabete baitaramatzate nominak berandu kobratzen eta egun enpresak bi nomina oso zor baitizkie. Lan baldintza duinak bermatuko dizkien eta zerbitzuaren jarraipena bermatuko duen berehalako irtenbidea eskatzen dute langileek.