2025-03-25
HomeIdazkaritzakIdazkaritza Feminista‘Izena duen oro bere izanaren jabe`, bere genealogia feminista aurkeztu du LABek

‘Izena duen oro bere izanaren jabe`, bere genealogia feminista aurkeztu du LABek

LABek ´Izena duen oro bere izenaren jabe` lana aurkeztu du gaur, sindikatuaren Bilboko egoitzan. Bertan, sindikatuak 1996an Emakume idazkaritza sortu zuenetik egindako ibilbide feminista jasotzen da, genealogia, 28 termino eta mugarri nabarmentzen dituen glosario baten bidez. Sindikatuaren 50. urteurrenaren testuinguruan osatutako lana da eta ilustrazioz hornituta dago.

Maddi Isasi idazkari feministak genealogiak errelatatzearen garrantzia azpimarratu du, aurkeztu den liburua lan tresna bat dela azpimarratuz. “Dibulgaziorako lan bat da, sindikalismo feminista praktikatik definitzen ari garen kontzeptua baita”, nabarmendu du. Sindikatuari zein Euskal Herri feministari egindako ekarpena dela azpimarratu du. “Sindikalismo feminista praktikatik eraikitzen ari garen kontzeptu bat dela esaten dugu askotan. Bada, eraikuntza prozesu horretan beste aletxo bat jartzen dugu gaur”, gaineratu du.

Lan tresna honek LABek gaur egun sindikalismo feminista nola ulertzen duen jasotzen du, sindikatuak egiten dituen proposamen ideologiko edo oinarri politikoak nondik datozen azalduz. Isasik gaineratu du sindikatuak egindako ibilbide feminista kontatzeko ariketa egiten duenean erabiltzen dituen terminoak transmititzeko glosario bat izatea ere garrantsitzua dela.

Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra ere izan da aurkezpenean, eta adierazi du sindikatuaren mende erdiko historiaren baitan ibilbide feministari erreparatzeko tarte bat hartu duela sindikatuak, “non ginen eta non gauden jabetzeko garrantzitsua da bilakaerari begiratzeko denbora hartzea”.

LABen barrutik eraldaketa feminista bultzatzeko emandako urratsak ere azaldu ditu, hala nola, 1996an sortutako Emakume Arlotik 2017an sortutako Idazkaritza Feministara eta sindikatuaren Berdintasun Planetik Plan Feministara emandako jauziak. “Berdintasuna ez, feminismoa aldarrikatzen duena”, zehaztu du Aranburuk.

LABek eraldaketa feministarako proposamen integralak dituela ere gaineratu du Aranburuk; hala nola kapitalaren eta bizitzaren arteko talka berdimentsionatu eta gure praktika sindikalera ekarri izana, langile klasea bere osotasunean aintzat hartzea, zapalkuntza hirukoitzari intersekzionalitatea gehitzea, banaketa hirukoitza, Zaintza Sistema Publiko Komunitarioaren definizioan emandako urratsak edo zor partriarkala.

Era berean, nabarmendu du LABek praktika sindikal feministaren aldeko apustu argia egiten duela, bizitza duinaren alde erantzun orokorragoak defendatzen dituela edo Mugimendu Feministarekin aliantzak indartu dituela.

Idazkaritza feministako kide Eli Etxeberriak azaldu du nondik eta nola sortu zen liburuaren ideia: “Delegatu berrientzako antolatzen dugun formaziorako sortu genuen oinarrizko glosario bat kontzeptu batzuk azaltzeko. Hor konturatu ginen guk termino horiek beste era batera erabili genituela, guztiz politizatuak genituela eta gainera borroka eta hausnarketa desberdinen emaitza zirela”.

Bere esanetan, memoria kolektiboaren ariketa praktiko bat da liburua, eta gaineratu du genealogia feminista emakumeen* memoria historikoa berreskuratzea dela, euren borroka eta lorpenak eta feminismoei zein historiari egin dieten ekarpena.

Lanaren izaera parte-hartzailea ere nabarmendu du Etxeberriak: “Atalak konpartituak dira eta borroka kolektiboei erantzuten diete, hau da, kontatu, bizi, ikusi, egin izan duguna idatzi dugu, ez ahazteko, gogoratzeko, merezi duen aitortza emateko…”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB sindikatuak Eusko Legebiltzarrera eraman du Enplegu Zentro Berezietako EAEko lehen lan hitzarmenaren beharra

LABeko Enplegu Zentro Berezietako ordezkariek agerraldia egin dute gaur Eusko Legebiltzarrean. Izan ere, abenduaren 3an Enplegu Zentro Berezietako lehen lan hitzarmena negoziatzeko mahaira deitu zuen LABek. Mahai horretarako bi deialdi egin ostean, ordea, patronalak bere ardura hartu gabe jarraitzen du, eta ez da lortu mahaia eratzea.

Euskal Herriak Kapitalari Planto Osakidetzaren pribatizazioaren aurka mobilizatuko da

Martxoaren 31n mobilizatuko da Bilbon, 11:00etan, Areilza Doktorea kaleko anbulategiaren aurrean.

Udalerriko Eguneko Arretarako Landa Zentroko langileen lan-baldintzak sektore publikokoekin parekatzeko eskatzen dio LABek Amurrioko Udalari

Aspaldi bideratu zuen LAB sindikatuak bere ekintza sindikala eta negoziazio kolektiboko estrategia zaintza sistema publikoa lortzera. Hego Euskal Herriko administrazioei pribatizatutako zaintza langileen publifikazioa exijituz eta zaintza zerbitzuen kudeaketa publikoa aldarrikatuz.