Barakaldoko Udalaren menpe dagoen USOA S.A.ren enpresa komitetik pasa den astean, hitzarmenaren aplikazioa salatzen zuten eskuorri informatiboak banatzen ari ziren enpresaren langileak identifikatu izana salatu du.
USOAKO Enpresa-Komitearen oharra
Enpresa komiteak, EAJren esku dagoen alkatetzak Udaltzaingoari eskuorri informatiboak banatzen ari ziren langileen identifikazioa agindu izana zentsuratzen du, adierazpen askatasuna dagokigun eskubide baita. Era berean, Amaia del Campo alkateari identifikatutako pertsonen kontrako espediente zigortzailea geraraztea galdegiten diogu.
Duela zenbait hilabetetik hona kezka haundiz ikusten ari gara enpresak pairatzen duen egoera, hitzarmenean jasotzen diren soldata taulak ez dira betetzen, lehen asignatuta zeuzkaten lanak baztertzen dira, aparteko pagatik soldataren zati bat murrizten zaigu…
USOAko langileok aspalditik jasan behar dugun ziurgabetasuna pairatzen ari gara eta gure lan-zentroan gertatzen ari dena salatu eta zabaltzeko kalera ateratzeko erabakia hartu dugu.
Pazientzia haundia izan dugu eta askotan Gerentzia eta EAJri kezkatzen gaituzten gauzen inguruko informazioa eskatu diegu.
Ez dugu eskatutakoari inolako erantzunik jaso edota emandako erantzunek ez dute egoera argitu korapilatzea baizik, beraz, gertatzen ari dena salatzeko kalera ateratzeko erabakia hartu dugu. Eta hitzarmena ez betetzea gutxi balitz, polizia bildaltzen digute identifika gaitzaten.
Duela urte bat baino gutxiago hitzartu eta sinatu duguna galde egiteagatik kriminalizatzeak nazkatzen gaitu: Ez ditugu hitzartutako soldatak kobratzen, nominatik gure diruaren parte bat kentzen digute eta gainera, gertaerak salatzeko kalera ateratzen garenean identifikatu egiten gaituzte.
Argi dago EAJri molestatu egiten diola gu ixilik ez egoteak, baina ez gara ixilduko. Ez diogu instituzio guztietan gure eskubideen urraketak salatzeari utziko.
USOAko langile guztion lan eskubideen bermearen aldeko apostu irmoa egiten dugu, eta ez gara geratuko lortu artean.
Ez dugu USOAko langileon adierazpen askatasuna eta duintasuna lapurtzea onartuko.
Barakaldon, 2018ko ekainaren 29an"