2025-04-18
HomeEkintza SindikalaUrtarrilaren 30eko Nafarroako irakaskuntza publikoko greba deitu duten sindikatuek Hezkuntza Departamentuaren jarrera...

Urtarrilaren 30eko Nafarroako irakaskuntza publikoko greba deitu duten sindikatuek Hezkuntza Departamentuaren jarrera itxia salatu eta deialdia berretsi dute

Gaur goizean bilera batera deitu du Hezkuntza Departamentuak LAB, Steilas, CCOO eta ELA sindikatuek osatzen duten Nafarroako irakaskuntza publiko ez-unibertsitarioaren urtarrilaren 30eko greba batzordea. Bileraren ostean, sindikatu hauek salatu bertzerik ez dute Departamentuko arduradunak hitzordura gogorik gabe eta aurrez prestatu gabe joan direla.

Aitzitik, greba deitu duten sindikatuek mahai gainean paratu dituzte euren aldarrikapen guztiak. Batetik, Gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak direla salatu dute LAB, Steilas, CCOO eta ELAk, eta irakasleen greba eskubidea bermatzeko kontraproposamena egin dute. Bertzetik, iragan azaroaren 18an Departamentuak aldebakarrez bukatutzat eman zuen negoziazioari berriz ekitea exijitu dute sindikatuek, eta balizko itun berri baten negoziazioetatik aldentzea. Baina tamalez, bertze behin ere, Hezkuntza Departamentuak bere jarrera itxiari eutsi dio eta ez die kasurik egin gehiengo sindikalaren aldarrikapenei. Horrenbertzez, sindikatuek ortzegun honetako greba deialdia berretsi dute.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.