2025-04-01
HomeIndustriaMetalgintzaUGT-k, CCOO-k eta patronalek sektoreko langileen beharrak asetzen ez dituen Nafarroako metaleko...

UGT-k, CCOO-k eta patronalek sektoreko langileen beharrak asetzen ez dituen Nafarroako metaleko hitzarmenaren aurreakordioa sinatu dute

Negoziazioak hasi zirenetik zazpi hilabete pasatu diren honetan, UGT-k, CCOO-k eta patronalek gaur erdietsitako aurreakordiorekin, azken hitzarmenetan lan baldintzetan emandako atzera pausuak finkatu dituzte, sektoreko langileak ezegonkortasun egoera batean utziz.

LAB-en ustez, Nafarroako Metaleko langileen lan baldintzak duintzeko beharrezkoak diren neurriak jasoko dituen hitzarmen bat lortzeko sekulako aukera galdu da. UGT-k, CCOO-k eta patronalek lorturiko aurreakordioa ez da sektoreak behar duen sakoneko aldaketara inondik inora iristen. Adostutako neurriak, gure ustez, ez nahikoak dira kontuan hartuta negoziazioetan ez direla berebiziko garrantzia duten gaiak tratatu, hala nola, hitzarmenaren ezartzeko lehentasuna, ultraaktibitate mugagabea, enpleguaren sortzea, kontratazio eredu ez baztertzaileen adostea, emakumeon sarbidea sektorean handituko zutenak besteak beste, prekarietatearen kontrako neurriak, subrogazioa edota malgutasunaren eta behin-behineko lanaldiaren mugapena. Eduki horiek ez dira ez sartu ez moldatu gaur erdietsi den aurreakordioan.

UGT-k eta CCOO-k patronalekin ez konfrontatzeko agertutako jarrera eta langileak beste lau urtez ezegonkortasun egoerara kondenatzeko egindako hautua, oso berri txarra da guretzat. Beraien interes propioak lehenetsi dituzte beste behin ere, sektoreko langileek dituzten beharren gainetik.

LAB sindikatuak langile guztien lan baldintzak duintzeko borrokan jarraituko du eta, zentzu horretan, egungo egoera irauliko duen eta bizi duin bat garatu ahal izateko, lan duina bermatzeko borrokarako tresna izaten jarraitzeko hautua egiten du.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lan ikuskaritzak arrazoia eman digu eta PEPSICO zigortu du 2023ko arazoaren 30eko Greba Feminista Orokorrean izandako jarrera dela eta

Dena LABek sartu genuen salaketa baten harira izan da. Honen arabera, frogatuta geratu da grebalariak ordezkatuak izan zirela.

Gehiengo sindikalak eskatuta, Pradales lehendakariak Mitxel Lakuntza eta Garbiñe Aranburu hartuko ditu gutxieneko soldataz aritzeko

Confebaskek gutxieneko soldata Lanbidearteko Akordio bidez adosteari uko egin ondoren, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek Pradales lehendakariari bilera eskatu zioten, eta bilera hori apirilaren 2an izango da.

Astebeteren ondoren, Hezkuntza Sailak ez du proposamenik

LAB sindikatuak gaurko jarraipen batzordea bertan behera utzi izana eta, akordio arautzaile berrirako (lan hitzarmenerako) inongo proposamenik gabe, grebak bertan behera uzteko eskatu izana salatzen du.