LAB sindikatuak batzar-elkarretaratzea egin du gaur Iruñean, Nafarroako Gobernuaren egoitza nagusiaren parean, Administrazioko burutzak eskuratzeko prozesuetan langile publiko guztiek aukera berdinak izan dezaten exijitzeko.
Administrazioko burutzak eskuratzeko merezimendu-lehiaketa hasiera-hasieratik ustelduta egon da, LABen ustez. Eta porrotaren erakusle nabarmena da burutzak betetzeko deialdiak langileen artean izan duen oihartzun eskasa. Izan ere, gaur egun burutza duten pertsonek memoriak egiteko eta lehiaketa irabazteko tenorean abantaila handia daukatenez, deituriko burutza gehienetan pertsona bakarra aurkeztu egin da lehiaketara: gaur egungo burua.
Hasiera batetik Administrazioko egitura berrantolatzen eta arrazionalizatzen hasi behar zen, zentzugabeko burutzak kendu ahal izateko. Burutza askori inposatutako baldintzei dagokienez, erran behar dugu justifikatu gabe daudela, arbitrario eta klasista direla eta langile gehienak aurkeztu ahal izatea oztopatzen dutela. Eta gainera ezin da ahaztu, bai UPNren garaian, bai gaur egungo gobernuarekin, burutza gehienak “digitalki” izendatuak izan direla.