2024-11-23
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaOspitaleguneko larrialdien zein ospitalez kanpoko larrialdien egoeraz ohartarazi dugu Nafarroako Parlamentuan

Ospitaleguneko larrialdien zein ospitalez kanpoko larrialdien egoeraz ohartarazi dugu Nafarroako Parlamentuan

LAB sindikatuak Nafarroako Ospitaleguneko larrialdi zerbitzuaren gainean egina duen azterketa aurkeztu du gaur Nafarroako Parlamentuaren Osasun Batzordearen aitzinean; gainera, ospitalez kanpoko larrialdi zerbitzuek Iruñerrian bizi duten egoerari buruzko ohar batzuk ere eman ditu. Dabid Mendaza eta Josemi Ablitas mintzatu dira LABen izenean eta talde parlamentarioei jakinarazi diete larrialdi zerbitzu bateratuaren kudeaketa zabarra izan dela 2014an ireki zutenetik. Horrek, noski, ondorio txarrak izan ditu langileen baldintzetan eta zerbitzuaren kalitatean.

Sindikalistek azpimarratu dute larrialdi zerbitzuko langileen baldintzak kezkagarriak direla oso: plantillaren prekarizazioa (langileen %59 kontratatua da); lanaren gainkarga (eguneko 350 artatze, nahiz eta zerbitzua 250erako pentsatua dagoen); antolakuntza kaosa (ez dago funtzionamendurako hobekuntza planik); lidergo falta (ez dago zerbitzuaren koordinatzaile edo bururik); burutza toxikoak (erizaintzako burutzak, adibidez, langile finkoak lanpostu okerrenetan zigortzen ditu, lekuz alda daitezen); eta, batez ere, egoera honen aitzinean Ospitaleguneko Zuzendaritza geldi dagoela, eta errealitatea estaltzen duela.

Asistentziaren kalitateari dagokionez, adierazleek honakoa erakusten dute: kexak ugaritu direla; itxaron denborak luzeegiak direla; ospitaleratze gehiago dagoela (behaketan eta solairuetan); pazienteak eta haien lagunak pilatuta daudela; espazioak gaizki aprobetxatzen direla; eta iktus unitatea urruti dagoela.

Horri guztiari gaineratu behar zaio ospitalez kanpoko larrialdi zerbitzuak Iruñerrian bizi duen egoera. Buztintxurin larrialdi zentroa irekiko dutela zabaldu dute, baina horrekin batera orain arte irekita zeuden bertze hiru itxiko dituzte (Burlata, Ermitagaña eta Arrotxapea), eta horrek, noski, asaldura eta ziurgabetasuna sortu du langileen eta herritarren artean. Mugimendu horren inguruan LAB sindikatuak dituen zalantzak helarazi dizkiegu talde parlamentarioei.

Laburbilduz, Parlamentuari aurkeztu diogu Osasunbidearen larrialdi zerbitzu osoaren egoera kezkagarria; batez ere Ospitalegunekoa, non zuzendariek eta buruek errealitatea estali baitute eta, gainera, langileen bizkar gainean utzi nahi izan baitute haien eraginkortasunik eza eta zabarkeria.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.