Beste sindikatu batzuk egin bezala, gaur goizean, EAEn eta Nafarroan Lanbidearteko Akordio bat negoziatzeko mahai bana eratzea eskatu dugu, Patronala (Confebask – CEN) eta sindikatuen artean Gutxieneko Soldata propio bat negoziatu eta ezartzeko.
Azken urteetan, areagotzen ari dira aberatsenen eta langileen arteko arrakalak. Sortzen den aberastasuna geroz eta modu desorekatuagoan banatzen da eta langileon pobretzeak ez du etenik. Arrakalak handitzen ari dira baita langileen artean ere, soldatarik baxuenak dituztenen artean, nagusiki, emakumeak*, langile migratu eta arrazializatuak, gazteak eta aniztasun funtzionala dutenak aurkitzen direlarik.
Jendarte justuago bat eraiki, pobretzeari mugak jarri eta aberastasunaren birbanaketa egokiago baterako, soldatak hobetzea ezinbestekoa da. Horixe izan zen, 2020ko Greba Orokor arrakastatsuaren aldarrikapen nagusietako bat. Gutxieneko Soldata hemen erabakitzeko eta estatu mailan ezarritakoaren gainetik egongo litzatekeen kopurua finkatzeko, Lanbidearteko Akordiorako deia luzatu genien patronalei. Honelako akordio baterako Confebask eta CENek adierazitako borondate faltak eta pandemiak baldintzatu dute aurrera egitea.
Ordutik hona, greba eta mobilizazio sindikal ugari izan dira. Bizitzaren garestitzeari aurre egin eta soldatak duintzeko beharrak bultzatu ditu neurri handi batean gatazka horiek, baita negoziazio kolektibo osoa ere. Ildo honetan, langile guztien soldatak duintzeko, hitzarmenez hitzarmen lortzen diren soldata igoerekin batera, Lanbidearteko Akordio baten alde egin dugu.
Gutxieneko Soldataren igoerak zuzenean milaka eta milaka langileren bizi baldintzak hobetuko lituzke eta baldintzarik kaskarrenean dauden langile horiek izango lirateke onuradun nagusiak; baina ez beraiek bakarrik, langile klase osoarentzako onura, langile klase osoaren garaipena litzateke. Guztion soldata eta lan baldintzak, beherantz parekatu eta prekarizatzea bilatzen duen estrategia patronalaren kontrako egiturazko neurria.
Gutxieneko Soldata propioa hemen erabaki ahal izatea, hortaz, lehentasunezko borroka izan da LABentzat azken urte hauetan. Maila publikoan eta pribatuan egindako lanak baldintza berriak sortu ditu borroka honetan aurrera egiteko. Maila sindikalean, gehiengo zabala dago honelako Lanbidearteko Akordio bat negoziatzearen alde. Gaurkoan, EAEn nahiz Nafarroan negoziazio mahaiak deitzeko urratsa eman dugu.
Patronalek aldiz, ez dute horretarako borondaterik erakutsi orain arte, ez EAEn ezta Nafarroan ere. Negoziazio mahaiak abian jarri eta benetako negoziaziorako jarrera eskatzen diegu Confebask eta CEN patronalei. Horretarako, presio egin beharko dugu. Maila sindikalean, baina baita maila politiko instituzionalean ere. EAE eta Nafarroako Gobernuei honelako akordio baten alde egin eta jarrera proaktiboa izan dezatela eskatzen diegu.
Gaurko ekimen hau eta, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata ezartzeko eskumenak eskatuz, aurreko astean erregistratu genituen Herri Ekimen Legegilea, biak ala biak, bide osagarriak dira. Gutxieneko
soldata propio bat erdiesteko bidean, batak bestea elikatzen du. Lanbidearteko akordio batek, indartu egingo luke EAE zein Nafarroako Gobernuek gutxieneko soldata finkatzeko ahalmena eskuratzeko aldarrikapena, alde guztiek gutxieneko soldata Euskal Herrian erabakitzeko borondatea dutela irudikatuko lukeelako.
Era berean, Herri Ekimen Legegilearen aldeko sinadura bilketa, eztabaida Parlamentuetara eramateko ez ezik, Patronala interpelatzeko tresna ere bada, gutxieneko soldata ezartzeko akordioari baiezkoa eman diezaion.
Orain da momentua, langileen lan eta bizi baldintzak duintzeko Gutxieneko Soldata propio baten alde egiteko. Gutxieneko soldata duindu eta hemen erabaki nahi dugu.