Borrokak artikulatu, agenda politikoan eragin eta eredu sindikala berritzeko gaitasuna nabarmendu ditu Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak. 50.000 afiliatuen langa gainditu eta Hego Euskal Herriko bigarren sindikatu bilakatu da, %19,6ko ordezkaritzarekin.
LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyok eta Antolakuntza idazkari Izaskun Garciak prentsaurrekoa eman dute Bilbon, otsailaren 25ean Irungo FICOBA aretoan egingo den Biltzar Arteko Batzarraren berri emateko. Bi Biltzar Nagusi artean LABek egiten duen parte hartze ariketa da Biltzar Artekoa: 2022an Baiona-Miarritzen hautatutako zuzendaritzak ponentziak garatzeko egindako kudeaketaren berri emango die orduko 500 biltzarkideei.
Biltzar Nagusitik honako balantze politikoari dagokionez, hiru gako nabarmendu ditu Arroyok, horietako lehena, LABek borroka laboralen eta sozialen artikulazioan egindako ekarpen esanguratsua. “Urtero 200 borroka laboraletan parte hartu dugu, horietako askotan beste sindikatu batzuekin elkarlanean arituz. Borroka horiei esker, hitzarmen asko desblokeatu eta milaka langilerentzako hobekuntzak lortu ditugu”. Horrekin batera, Arroyok nabarmendu egin du erantzun orokorragoak ahalbidetzeko LABek egindako lana, hala nola, zaintza eskubidearen aldeko Greba Feminista Orokorra, lan istripuen aurkako erantzuna, gutxieneko soldata propioaren aldeko dinamika edota Palestinaren alde egindako mobilizazio sindikal bateratuak.
Bigarrenik, agenda politikoan eragiteko gaitasuna azpimarratu du Arroyok: “Biltzar Nagusian Patronalari eta haren aldeko alderdi politikoei eremu guztiak (lantokiak, kaleak eta instituzioak) lehiatzeko apustua egin genuen eta apustu horrek emaitzak eman ditu. Beste eragile sindikal, sozial eta politikoekin batera, langileontzako funtsezkoak diren gaiak eraman ditugu agenda politikoaren erdigunera, hala nola, zaintza, osasun sistema, etxebizitza, gutxieneko soldata edota gutxieneko pentsioa. Urtetan arazoak zirenik ukatu ondoren, gai hauen inguruan gogoeta egiteko beharra onartu dute EAJk eta PSEk. Gogoeta hori ezerezean geratu ez dadin, egiturazko aldaketak eman daitezen, presio egiteko unea da oraingoa”.
Azkenik, LABek eredu sindikalaren berrikuntzarako egindako ibilbidea goraipatu du Arroyok. “Hiru garai desberdinetan aitzindari izan da LAB eta berak egindako ekarpenek Euskal Herriko ekosistema sindikala eraldatu dute: gure sorreran, independentismoa eta kontraboterea; 90. hamarkadan, sindikalismo feminista eta euskaltzalea; eta 2008tik hona, sindikalismoa birpentsatzeko egindako ariketa sakona”.
Ildo honetan, azken Biltzar Nagusian hartutako konpromisoari erreferentzia egin dio Arroyok: “LAB sindikatu antirrazista bilakatzeko apustua egin genuen eta I. Barne Plan Antirrazista osatu dugu. Biltzar artekoan, estrategikoa den beste gai batean sakontzera goaz: ekosozialismoa. Kapitalismoak eragindako krisi ekologiko larriaren ondorioz, aldaketa sakonak gertatuko dira munduan nahiz Euskal Herrian eta sindikalismoak aldaketa horien norabidea lehiatu behar du. Bidezko trantsizio ekosozialaren aldeko borroka funtsezkoa izango da munduaren eta Euskal Herriaren etorkizunerako”.
Eredu sindikalean egindako garapena adierazteko, bere ikurra eta irudia berritzea erabaki du LABek. Bere historiako hirugarren ikurra bigarrenaren garapena da. Oinarria mantenduta hiru berritasun ekartzen ditu: batetik, ertzak borobildu zaizkio, feminismoaren eragina islatu nahian; bestetik, kutxa ireki egin da, sektore gehiagotara zabaltzeko bokazioa irudikatuz; eta azkenik, “Euskal Sindikalismo Eraldatzailea” esamoldea gehitu zaio, gainontzeko eskaintza sindikalekiko desberdina den eredua aldarrikatu nahian: Euskal Herria osokoa, askapen prozesuarekin konprometitua, sindikatua tresna gisa ulertzen duena, hitza ez ezik ekintzari garrantzia ematen diona eta, bereziki, sistema bidegabe eta bideraezina eraldatzeko determinazioa duena.
Afiliazioan eta hauteskunde sindikaletan etengabe gora
Afiliazioari dagokionean hazkunde fase etengabean dago LAB, Izaskun Garcia Antolakuntza idazkariak nabarmendu duenez: “azken urteetako bilakaera paregabea izan delarik. 2021eko abenduan Biltzar Nagusia deitu genuenean 46.178 afiliatu zituen sindikatuak eta egun 50.629 afiliatu gara. Hau da, azken hiru urtetan %9,7eko hazkundea izan dugu (4.451 afiliatu gehiago). Hamarkada batean (2014-2024) 39.664 afiliatu izatetik 50.629 izatera pasa gara; 10.965 gehiago. %27,7eko hazkundea beraz hamar urtetan”.
“Baina guretzako berririk garrantzitsuena hauxe da: LAB gero eta langile gehiagorentzat erreferentea bilakatzen ari den honetan, emakumeen* afiliazioan izaten ari ditugula hazkunde datu nabarmenak. Orain hamar urte emakumeak* gure afiliazioaren %38a baziren, egun %44,54a dira” adierazi du Garciak.
Hazkunde honetan gakoak izan dira, langile sektore guztientzat borrokarako eta antolakuntzarako eskaintzetan emandako urratsak, zein lan eta bizi baldintza prekarioak pairatzen dituzten langileen sindikalizazioa errazteko hartutako erabakiak. Izan ere, sindikatuak klase elkartasuna oinarri duen afiliazio sistema ezarri izana erabaki egokia izan da. Diru sarrera gehiago duten afiliatuen ekarpenei esker sarrera murritzagoak dituztenen afiliazioa ahalbideratzen duen sistema da gurea.
Gainera borroka eta antolakuntzarako eskaintzak ez ezik, afiliatuei eskaintzen dizkiegun zerbitzuetan ere aurrera urratsak eman ditugu, adibidez gure Borroka Kutxaren estaldura zabaldu eta duinago bilakatzeko. Kontrabotere sindikalismoa garatzeak langileongan izan ditzakeen eragozpen zein kalte ekonomikoei aurre egiteko sindikatuak duen tresna da Borroka Kutxa.
Ordezkaritza sindikalari dagokionean ere, hazten jarraitzen du LABek. 9. Biltzar Nagusia deitu genuenean, 2017ko abenduan, 4.235 ordezkari genituen Hego Euskal Herrian. Ordezkaritzaren %18,13a (%18,96a EAEn eta %15,72a Nafarroan). Eta egun dauzkagun azken datu ofizialekin (2024/10/31) 5.187 ordezkari ditugu. Ordezkaritzaren %19,80a (%20,51a EAEn eta %17,84a Nafarroan). Egungo ordezkarietatik 2.169 emakumeak* dira, %41,8a. Ordezkaritzan emakumeen* presentzia handitzeak erronka izaten jarraitzen badu ere aurrera urratsak eman ditugu eremu honetan ere.
Azken hiru urteetako argazkia begiratuta gainera herrialde guztietan delegatu kopuruan nahiz portzentaian igotzen jarraitu duen sindikatu bakarra gara.
EAEn puntu erdia baino gehiago igotzen gara (%0,65) beste sindikatuak mantendu edo jaisten diren bitartean. Nafarroan beste sindikatuak jaisten diren bitartean gu puntu erdia igotzen gara (%0,55). Horrek ekartzen du Hego Euskal Herrian ere berdina gertatzea, %0,62a igotzen garelarik.
Momentu honetan EAEn bigarren sindikatu bezala erabat kontsolidatu da LAB, %20a baino gehiagoko ordezkaritzarekin. Eta Hego Euskal Herrian ere bigarren sindikatua da, %20ra iristear.
Araban hirugarren sindikatua bilakatu gara, UGTrekiko jada ia puntu bateko (0,96) aldearekin.
Gipuzkoan %30eko ordezkaritza du LABek eta Nafarroan %18ko ordezkaritza heltzekotan da.