EITBko zuzendaritza nagusiak eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari berria hautatu berri du, EITBren webgune berrien sorkuntza prozesua amaitzeko. Pertsona horren ardura izango da, eitb.eus zuzentzeaz gain, jaiotzear den atari digital berria abian jarri eta horren zabalkundea gidatzea.
Era berean, EITBren sare sozialetarako estrategiaren ardura ere hartuko du, webera zein EITBren plataformetara (Primeran, Makusi, Guau, Nahieran…) audientzia erakartzeko ildoak diseinatuz eta EITBren entretenimendu programen webgune eta sare sozialak koordinatuz.
Euskalduna ez den pertsona bat hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak postu horretarako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen sustapena duen hedabide baten zuzendari izateko. Ba al du logikarik belaunaldi berriei eskainitako eskaintza euskara hutsean diseinatu ondoren (Makusi, Gaztea, Primeran… ) EITBren arlo digitala gidatuko duen pertsonak euskaraz ez jakitea?
Euskararen aurkako eraso larri baten aurrean gaude. EITB osoko langileen hizkuntza eskubideak bakarrik ez, euskal gizarte osoarenak urratu dira. Eta hizkuntza eskubideak oinarrizko giza eskubideak ere badira, Giza Eskubideen Gutunak jasotzen duen bezala.
Euskara eta euskal hiztunak gutxietsi dira, eta hedabide publiko honetako langileon ardura da eraso hauek gelditzeko lan egitea. Osterantzean, konplizeak ginateke. Hautaketa prozeduratik hasita, urraketak bata bestearen atzetik eman dira, eta berehalako zuzenketa eskatzen dugu:
-Hautaketa prozesuko baldintzen urraketa: EITBk berak hautaketa prozesuan ezarritako baldintzak ez dira errespetatu. “Ingelesa eta euskara jakitea, ulermenerako eta ahozko eta idatzizko adierazpenerako trebetasunak erakustea” zioen lan deialdiak. Are gehiago, “idatzizko eta hitzezko komunikaziorako aparteko trebetasunak” ere kontuan hartuko zirela aipatzen zuen.
Titulazioari dagokionez, berriz, gradua da eskatu dena. Bada, EITBko sarrera eskakizun irizpide gisa, gradua eskatzen den kasu guztietan, gutxienez, C1 hizkuntza eskakizuna ziurtatzea derrigorrezkoa da. Zer dela egin da salbuespen hau?
-2023-2027 Euskara Plan Estrategikoaren urraketa: 2000. urtetik, legealdi bakoitzean, EITBren zuzendaritzak plan estrategiko bat prestatzen du, epealdi horretako lerro eta helburu estrategikoak zehazteko. Une honetan indarrean dagoena EITBren 2023-2027ko Euskararen Plan Estrategikoa da, 2022an onartutakoa. Bertan, EITB Euskara Batzordeak (langileen bost ordezkarik eta zuzendaritzaren beste bostek osatzen dute) ezarritako helburuak jasota daude, eta hitzez hitz hau dio lehenbiziko atalean:
“Euskararen erabileraren sustapena erakundearen barruan maila guztietan. Bikain ebaluazioak agerian jarri duenez, EITBn euskararen erabilera da alderdi ahula. Hobekuntza tarte handia dago bai laneko harremanetan, bai langileen arteko harreman informaletan, bai testu sorkuntza. Oso garrantzitsua da hobekuntzarako lehen bultzada zuzendaritzaren aldetik etortzea”. Bete-betean urratu da helburua.
-EITBren 2023-2027ko Euskara Arloko Ekintza Planaren urraketa: EITBk Euskara Plana ere badu 2013tik, lau urtero EITBko Euskara Batzordean berritzen dena, hiru helburu nagusi hauekin:
Euskal Irrati Telebistak euskaraz funtzionatu ahal izatea.
Langileak euskara enpresan normalizatzeko prozesuan inplikatzea.
EITBk euskaldunen irudia zabaltzea kanpoan.
eitb.eus-en zuzendari berria erdalduna izatea planaren kontrakoa da errotik. Hain zuzen ere, zehaztapen hauxe jasota geratu da testuetako batean: “Urteetako esperientziak erakusten digu nahikoa dela euskara ez dakien pertsona bakar bat sartzea euskaldun talde batean, hizkuntza aldatu eta den-denak erderaz mintzatzen hasteko. Horregatik, EITBk bereziki zainduko du entitatera sartzen diren pertsona berriek lanpostuari dagokion euskara-maila betetzen dutela, eta, hortaz, ez direla eragozpen euren lantaldeak euskaraz funtziona dezan”.
Garbi dago ez dela irizpide hau kontuan izan eta izendapenak eragin zuzena izango duela lan harremanen hizkuntzan.
Horiek esanda, gogora ekarri nahi dugu Emun Kooperatibaren zerbitzua kontratatuta duela EITBk (Ekintza Planaren barruan) erakundearen barruan euskara sustatzeko.
-5/1982 “Euskal-Irrati Telebista” Herri-Erakundea sortzezko legearen urraketa: arauaren atarikoak argi eta garbi dio euskararen sustapena eta zabalkundea dela erakundearen misioetako bat. Nekez sustatuko da hizkuntza, egitasmoaren gidaritzan euskara ez dakitenak egonda.
Horrenbestez, EITB Mediako LABek oso larritzat jotzen du gertatua, eta eskura dituen gune eta foro guztietara joko dugu EITBk, kanpoan zein barnean, euskara sustatzeko bereak dituen konpromisoak bete ditzan, Euskara Batzorde zein Administrazio Kontseilutik hasi eta Hizkuntza Eskubideen Behatokira zein Legebiltzarreraino.