2024-12-18
HomeEkintza SindikalaGrebara joko dugu EAEko hezkuntza publikoan, lan baldintzak hemen eta orain erabaki...

Grebara joko dugu EAEko hezkuntza publikoan, lan baldintzak hemen eta orain erabaki ditzagun

LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuok grebara deitu ditugu hezkuntza publikoko langileak. EAEn Hezkuntza Sail berria dugun arren, azken urteetako jokamolde bera mantentzen du: hezkuntzako langileen lan baldintzak okertzen ari dira, Hezkuntza Sailak erabakiak alde bakarrez hartzen jarraitzen du eta negoziazioak eduki esanguratsurik gabe luzatzen ditu. Horren aurrean, grebara jo beste aukerarik ez zaigu geratu.

Jarraian, LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuon adierazpena:

Gaur, hemen gauden sindikatuok bat egin dugu hezkuntza publikoko langileen lan-baldintzak hobetzeko, babestu behar dugun hezkuntza publikoaren aldeko apustua egiteko eta, hainbatetan Eusko Jaurlaritzari eskatu diogun bezala, eskola publikoa erdigunean jarri dezan.

Duela hilabete gutxi batzuetatik hona EAEn Hezkuntza Sail berria dugun arren, azken urteetako jokamolde berbera dugu mahai gainean: hezkuntzako langileon lan-baldintzak okertzen ari dira, Hezkuntza Sailak erabakiak alde bakarrez hartzen dituelako eta negoziazioak eduki esanguratsu gabe etengabe luzatzen dituztelako. Hori horrela, mobilizazioak eta grebak deitzea da utzi diguten aukera bakarra.

Gaur aurkezten dugun mobilizazio diseinuak barne hartzen ditu hezkuntza publikoko irakasle, Haurreskola Partzuergoko langile eta Hezkuntza Saileko sukaldari eta garbitzaileen kolektiboak. Kolektibo horietan guztietan iraungita dauden lan hitzarmenak hemen eta orain negoziatzeko garaia da.

Irakasleen hitzarmena 2010etik berritu gabe dago, sukalde eta garbiketako langileena zein Haurreskolak Partzuergokoena, berriz, 2009tik. Hamabost urte dira. Eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sail honek ere aurrerapausorik ez du ematen hitzarmenak berritzeko beharrezko edukiak proposatzerakoan.

Hezkuntza publikora bideratutako diru inbertsioa handitzeko momentua da, eta langileon eskubideen urraketa geldiarazteko unea.

Sektore bakoitzerako baditugu aldarrikapen zehatzak eta propioak baina badira guztientzat komunak diren zazpi aldarrikapen nagusi: geroz eta handiagoak diren lan-zamak arintzeko neurri zehatzak adostea; erretiroa aurreratzeko plantillen gazteberritze plana garatzea; galdutako erosahalmena berreskuratzea; enplegu publikoa egonkortzea; eta, jaiotza tasaren gorabeherak aprobetxatuz, alde bakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegua bermatzea eta lanpostuak egonkortzea.

Horiez gain, eskatzen dugu hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea, langileon lan-osasuna zainduko eta bermatuko dituzten azterketa eta neurri zuzentzaile adostuak ezartzea eta kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak jartzea.

Horregatik guztiagatik, dokumentua sinatzen dugun sindikatuok honako egunetan langileak deitzen ditugu grebara:

– Hezkuntza publiko ez unibertsitarioko irakasleak: urtarrilak 22an eta 23an, eta otsailaren 26an eta 27an.

– Haurreskola Partzuergoko langileak: urtarrilaren 28an eta 29an, eta otsailaren 12an eta 13an.

– Sukaldariak eta garbitzaileak: urtarrilaren 30ean eta 31n, eta otsailaren 19an eta 20an.

Esan moduan, azaldutako aldarrikapenak lortzeko negoziazio erreala gauzatzea dugu helburu. Eta argi dugu langileon mobilizazioarekin batera gure lan baldintzak hobetzea lortuko dugula. Bete ditzagun kaleak gure aldarrikapenekin.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gaur Eusko Jaurlaritzak ahoa beteta baina zehaztasunik eta lotsarik gabe iragarri du lanpostu publikoen eskaintza berezi bat

Hogei egun igaro dira EAEko Mahai Orokorraren bilera egin zela, non sindikatuok beste behin ere enplegu publikoa negoziatzearen beharra errepikatu genuen, eta betiko begirune faltarekin, inoiz iristen ez den “hurrengo baterako” gelditu zen.

Euskal Herrian kontrabotere sindikalismoa osasuntsu badago ere, erronka estrategikoei heltzeko beharra nabarmendu dugu

Lau erronka estrategiko nabarmendu ditu Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak: sindikalismoan ere belaunaldien arteko erreleboa bermatzea, langile migratuak antolatzeko ahalegin espezifikoa egitea, eremu berriak sindikalizatzea eta estatalizazioa indargabetuko duen estrategia subiranista garatzea.

Ekialdebuseko langileek greba egingo dute, lan baldintza duinen eta kalitatezko garraio publikoaren alde

Oarsobidasoa eskualdea Donostiarekin lotzen duen Ekialdebus autobus zerbitzuko langileek grebara deitu dute abenduaren 21ean, 24an eta 31n. Izan ere, autobus-erabiltzaileen kopurua azken 10 urteetan...