2024-12-23
HomeFederazioakZerbitzu PublikoakZerbitzu publikoen alde mobilizatuko gara ostegunean

Zerbitzu publikoen alde mobilizatuko gara ostegunean

Manifestaziora deitu dugu Bilbon, ekainaren 7rako. Gobernu Ordezkaritzatik, Plaza Eliptikotik, abiatuko gara 11:00etan eta Sabin Etxean amaituko dugu protesta, EAJren egoitza nagusian.

Gorka Berasategik, Eider Casanovak eta Jon Otegik, LABeko Zerbitzu Publikoen Federazioko arduradunek, prentsaurrekoa eman dute gaur, sektore publikoan negoziazio kolektiboaren esparrua bizi den egoeraren berri emateko.

Lan baldintzak eta kalitateko zerbitzu publikoen alde urratsak eman behar direla nabarmendu dute, langileekiko zorra ordaindu, enplegua egonkortu eta berton erabakitzeko. "Madrilgo murrizketak kudeatzen dituen heinean, enplegu publikoa suntsitu eta prekarizatu egiten du EAJk” adierazi dute.

Jakina da Estatuko Aurrekontu Orokorrak duela egun batzuk onartu zirela. Ostiralean, Gobernu aldaketa eman arren, aurrekontu berdinak mantenduko direla iragarri dute dagoeneko, EAJk horrela adostu duelako Sanchezekin. Aurrekontu hauen baitan Espainiako lehengo gobernuak eta CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek Estatuko Administrazioen Mahai Orokorrean sinatutako akordioa jasotzen da. Horrela, akordio hori oinarrizko lege bihurtzea lortu dute, administrazio guztietan negoziatu daitekeenaren oinarri alegia.

Honek administrazio bakoitzean bertako langileen ordezkariek daukaten negoziazio kolektiborako eskubidea erabat urratzen du. Ez da guretzat onargarria azken urte luze hauetan pairatzen ari garen egoera. Lehenik, dekretuen bitartez murrizketak ezarri eta aurrekontuen bitartez negoziazio kolektiboa zentralizatu.
Guzti honek hiru helburu nagusiri erantzuten dio, eta EAJk horri eustea adostu du Sanchezekin:

1. Gobernuak austeritatearen irizpidea zabaltzea lortzen du; negoziazioak soilik gastu araua eta egonkortasun legea betetzen duten administrazioetan egin daitezke, eta legeak ahalbideratzen duen moduan, soilik.
2. Zerbitzu publikoetan merkantilizazioa eta pribatizazioa bultzatzea; enplegua sortzeko trabak mantentzen dira (birjartze tasak adibidez) eta eros ahalmenaren galera betikotu nahi da.
3. Estatuak aurrera daraman zentralizazio prozesuan lagun dituen CCOO eta UGT sindikatuek lortutako akordioei balio eman.

Egoera larria dela pentsatzen dugu, baina guretzat larriena EAJren jarrera izaten ari da. EAJ nagusi da EAEko instituzio gehienetan eta negoziazio kolektiboari dagokionean Madrileko mugak bere egiten ditu. Negoziazio planteamenduak egiten dituenean soilik “baimendutako” gaiei buruz hitz egiten du.

Oso garbi ikusten ari gara EAJri Estatalizazio egoera oso ondo datorkiola. Alde batetik, oinarrizkoak diren gaiak negoziazio eremutik baztertzen ditu. Langile publikoekin dagoen zorra berreskuratu eta enplegua sortu eta egonkortzeko neurri eraginkorrak adostea ezinezkoa dela dio, Madrilen inposizioaren aitzakian. Bestetik, EAEn gutxiengoa den sindikatuen akordioei balioa ematen die, hemen gehiengoa den sindikalgintza abertzalearen eraginkortasuna kuestionatuz. Finean, Madriletik ezarri nahi den zerbitzu publikoen eredua primeran datorkio EAJri.

Guretzat ordea, bai langileekiko zorraren berreskurapena zein enpleguaren egonkortasuna berebiziko gaiak dira. Ez ditugu kanpotik etortzen diren eta gurean eraginkorrak ez diren akordioak onartuko. Gure negoziazio esparruak defendatuko ditugu, eta horretarako mobilizatuko gara.

Ez diogu EAJri bere aurpegia zuritzen utziko. Negoziaziorako borondatea gutxitan erakutsi du, eta normalean behartuta. Benetan EAEn zerbitzu publikoak garatu eta defendatzeko borondatea badu, ezin du Madrilera begira jarraitu. Inposizioaren aitzakian langileak kokilduko garela uste badute ez gaituzte ezagutzen.

Gure kanpainaren helburua langileen artean indarrak biltzea eta mobilizazioa sustatzea da. Estatalizazioari aurre egin diezaiogun gure negoziazio eremuan borroka eginez; geuk jarri dezagun negoziazioaren gai ordena mahaiaren gainean. Aukera paregabea daukagu EAEko instituzioetan aurrekontuak ezartzen hasten direnean geure aldarrikapenei bide emateko. Hemen espero ditugu ere beste sindikatuak, Euskal Esparru Propioan sinisten badute behintzat.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek grebara deitu du Linacal iturgintza enpresan, zuzendaritzak langileei entzungor egiten jarraitzen duela uste baitu

LAB sindikatuak Barañaingo (Nafarroa) Linacal iturgintza enpresako zuzendaritzaren jarrera onartezina salatu nahi du, langileek euren lan baldintzak hobetuko dituen enpresa itun bat negoziatzeko eginiko...

Munduko Medikuen zuzendaritzak EEE bat proposatu du langile guztien %25 kaleratzeko

Entitateko Langileen Legezko Ordezkaritzak ez ditu aintzat hartzen zuzendaritzak emandako arrazoiak, eta EEEa justifikaziorik gabea eta prebentiboa dela adierazi du.

EITBko zuzendaritzak euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu du helburuen artean euskara sustatzean duen hedabide bateko zuzendari

EITBko zuzendaritza nagusiak eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari berria hautatu berri du, EITBren webgune berrien sorkuntza prozesua amaitzeko. Pertsona horren ardura izango da, eitb.eus zuzentzeaz gain, jaiotzear den atari digital berria abian jarri eta horren zabalkundea gidatzea.